Surfilm Festibalaren argazki bat, Kelly Slater-en imitatzaile bat etorri zenekoa. (Argazkia: Roke)
Hamalau urtez
Surfilm Festibal jaialdia etenik gabe egin ondoren, arnasa hartzeko urtea iritsi zaie antolatzaileei. Erritmoa lasaitu nahi dute, arnasa hartu eta arima indarberritzeko: “Surf mundua zer bihurtzen ari den aztertzea da 2017rako daukagun asmoa, gure ekimen kutunak hartu behar duen norabidearen inguruan lasai hausnartzeko: surfa ikuspuntu propio eta kritikotik begiratzen jarraitu nahi dugu, bere kulturaz gozatzen segi eta, batez ere, ingurumenarekin zerikusia duten gaiei arreta berezia jarri. Hori behar bezala egiteko gelditu egingo gara urtebetez, indarrak berritu eta Surfilm Festibalaren esentziari merezi duen distira ateratzeko”.
Aurtengo jaialdirik egin ez arren, Surfilm Festibalaren markak martxan jarraituko duela adierazi dute. Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema sekzioan, esaterako. Honetaz gain, aurtengo urtea Wheels and Waves-eko adiskideekin harremana indartzeko ere baliatuko dute, iaz elkarlanean antolaturiko ArtRide erakusketarekin oso gustura geratu ziren eta. Beste proiekturen bat ere badarabilte eskuartean.