Egiako parkeko irekiera eta itxiera ordua aldatu dute bizilagunen eskariz
Loiolako Erriberako bizilagunen aspaldiko eskaera zen Egiako parkeko ordutegia aldatzea. Joan den apirilean egin zuten eskaria udaletxean Loiolako Erriberako bizilagunek, hiriko beste zenbait elkarteren babesarekin.
Azkenean, aste honetan aldatu dute ordutegia eta hemendik aurrera goizeko 06:30etan ireki eta 22:30ean itxiko dute. Orain arte, 07:00etatik 21:30era egoten zen parkea zabalik. Dani Fernandez Loiolako Erriberako auzo elkarteko kideak azaldu du bizilagunak pozik daudela ordu aldaketarekin, baina berandu iritsi dela.
Parke honek Loiolako Erribera, Egiarekin eta hiriko zentroarekin lotzen ditu, eta hainbat bizilagunek erabiltzen dute egunero. “Erdialdearekin lotzeko ez ezik tren eta autobus estazioekin komunikatzeko ere balio digu parkeak”.
Dena den, ordutegi aldaketak ez die eragiten parkeko sarrera guztiei. Mandasko Dukeko sarbideak, lehengo ordutegi bera izango du. Mikel Laboa pasealekua eta Federico Garcia Lorca pasabidea lotzen dituen bidearen ordutegia aldiz luzatuko da.
Momentuz, orain arte bezala udaltzainek irekiko eta itxiko dituzte ateak, baina aurrerago parkeko ateak modu automatikoan ixteko eta irekitzeko ateak jarri nahi dituztela azaldu du udalak.