Bagera elkarteak sortu dituen audiogidak aurkeztuko ditu igandean
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak audiogidak prestatu ditu, hiriaren historia lau haizetara zabaltzeko helburuarekin. Proiektuak lau ibilbide proposatzen ditu, euskararekin, memoriarekin hizkuntza aniztasunaren eta kulturarekin lotutakoak, eta igandean aurkeztuko dituzte horietako bide bat eginez: Donostiako euskal idazleen urratsen atzetik ibiliko dira, hain zuzen ere.
Bagerako kide Zuriñe Gonzalezek azaldu bezala, iaz sortu zuten proiektua Donostia 2016 fundazioaren Euskarriak proiektuaren barruan: “Hainbat euskarri prestatu genituen, tartean, audiogida bereziak, hiriaren historia eta izaera ezagutzera emateko. Hala, elkartearen 25. urteurrenaren harira hilero gai bat landuko dugunez, eta otsailean zientzia eta teknologiaren hilabetea ospatzen ari garenez, proiektua kaleratzea eta aurkeztea pentsatu dugu, hau da, herritarrekin zuzenean partekatzea”.
Horrenbestez, hitzetatik ekintzetara egingo dute salto igandean egingo duten ibilbidearekin. Pausorik pauso, Donostiako idazleen aztarnen atzetik ibiliko dira, Egiatik (Tabakalera, 11:30ean) Parte Zaharreraino. “Bide osoaren zati bat egingo dugu. Donostia eta hiriarekin lotura duten idazleak ezagutzeko aukera izango dugu, hala nola Arantxa Urretabizkaia, Joxemi Zumalabe edo Eneko Olasagasti. Bidean zehar, audiogidako azalpenak entzuteaz gain, zenbait idazlek aurrez aurre irakurriko dituzten testuak entzuteko parada izango dute parte hartzen dutenek”. Ibilbidea Fito Rodriguezek diseinatu du.
Anitza da audiogiden proposamena. Ernest Lluch liburutegiak Amara, Donostiako banbalina ezezagunak bidea sortu du. Ibilbideak hiriaren hazkuntza azaltzea du xede, XX. mendearen bigarren zatian landa eremutik mundu urbanora egindako saltoa, hain zuzen ere. Mikel Zabalbideren azalpenetan oinarritzen da Donostiako hizkuntzak historian zehar ibilbidea, eta hizkuntzek hirian izan duten garrantzia azaltzen du. Euskararen Donostia ibilbideak, berriz, hizkuntza baten berreskurapenerako gakoak ditu ardatz nagusi.
Audiogida guztiak Bagera elkartearen webgunean daude eskuragarri.
Oparoa da Donostiako historiaren iturria. Hori dela eta, herritarrek eta bisitariek kulturaren ur freskoa edan dezaten,