Mikrobioek ospe txarra dute gizartean, askotan gaitzekin lotzen direlako. Haatik, kaltegarriak baino gehiago, onuragarriak dira beren funtzioak. Alderdi positibo hori landuko du Josu Alberok Bagera elkartean, herritarren uste okerra ezabatzeko xedearekin.
Josu Albero, mikrobiologoa (Argazkia: Eneritz Albizu /Urola Kostako Hitza)
Badira ezagutzen ez diren mundu batzuk, gurearen barruan dauden beste mundu batzuk, alegia. Ikusezinak dira, baina paper garrantzitsua dute bizitzaren antzerkian. Mikrobioak dira aktore nagusi, eta, nahiz eta askorentzako gaiztoaren papera betetzen duten, protagonista zintzoak dira bizitzaren obran. Horren berri ematera etorriko da Josu Albero mikrobiologoa, uste okerrak burutik kendu, eta mikrobioen mundu liluragarriko ateak zabaltzera. Bi saio eskainiko ditu: otsailaren 16an eta 28an, 19:00etan,
Bagera elkartean.
Izen bitxia du lehenengo saioko hitzaldiak: Gure gorputzeko bakterio lagunak. Askorentzako, baina, mikrobioek ez dute konotazio positiborik.
Hitzaldiaren helburua, besteak beste, daukagun uste oker hori burutik kentzea izango da. Izan ere, orokorrean, mikrobioak lotzen ditugu gaixotasunekin eta gaitzekin, eta hori ez da zuzena. Horregatik, saiatuko naiz azaltzen mikrobio gehienak ez direla kaltegarriak; are gehiago, horietako asko onuragarriak direla.
Zer nolako onurak dituzte?
Mota guztietakoak. Guk mikrobiorik gabe ezingo genuke bizi. Gure hesteetan daudenek, gure heste-florako bakterioek, bitamina batzuk sintetizatzen dizkigute, immunitate funtzionamenduan zuzenean laguntzen dute eta elikagaiak digeritzen laguntzen digute. Onura asko dituzte. Kontrakoa dirudien arren, betebehar oso garrantzitsua betetzen dute patogenoetatik babesten.
Zalantzarik gabe, funtzio garrantzitsua betetzen dute gure gorputzean. Nola zaindu ditzakegu guk geuk geure barnean dauden mikrobioak?
Saiatu behar gara ahalik eta mikrobiorik hoberenak eskuratzen. Hori nola lortzen da? Bada, probiotiko naturalak janez eta saihestuz gure heste-floralari kalte egiten dioten hainbat faktore, hala nola alkohola, estresa edo zenbait botika.
Mikrobioak ezinbestekoak dira bizitzarako, hau da, Lur planetaren bizitzarako. Garrantzia ekologiko handia dute ekosistema guztietan. Finean, mikrobiorik gabe Lur planetako bizia desagertuko litzateke.
Animalia txikiak, alimaleko funtzioa…
Halaxe da. Mikrobioek metabolismo berezi bat dute, eta ondorioz, hainbat sustantzia fabrikatzen dituzte. Eta sustantzia horiek ezinbestekoak dira bizidunentzat. Ekosistema guztietan pilatzen den materia organikoa degradatu egiten dute, ekosistema garbitzen dute. Mikrobiorik gabe, baso batean geratzen diren hondakin organiko guztiak, animaliena edo landereena, bertan pilatuko lirateke. Materia organikoa degradatzen duen guztia dira mikrobioak. Hala, beraiei esker petrolioa, ikatza… erregaiak ditugu.
Gizakiaren jarrerak eragin dezake modu negatiboan mikrobioen munduan?
Ez bereziki. Mikrobioak dira bizidunen artean erresistenteenak. Lur gainean agertu ziren lehenengo izaki bizidunak dira, gu baino askoz ere lehenago zeuden, eta horiek izango dira gu desagertu ondoren planeta honetan bizirik jarraituko dutenak.
Ikaragarria, benetan. Orokorrean, non bizi dira mikrobioak?
Lurreko habitat guztietan daude. Batzuk gai dira 100 graduko tenperaturan bizitzeko, beste batzuk, berriz, ur hotzetan. Muturreko habitatetan daude, gainerako bizidunok onartzen ez ditugun baldintzatan bizi dira, alegia.
Hori horrela izan da, arrazoiak egon daitezke pentsatzeko Marten bizimodua aurkitu daitekeela?
Bada, bizia egotekotan, bizitza mikrobiarra izango litzateke, hau da, baldintza gogorretan bizi daitezken mikrobioak egongo lirateke, hain zuzen.
Bigarren hitzaldian mikrobioen alde negatiboa landuko duzu. Nolakoa da alderdi ilun hori?
Kuantitatiboki, oso txikia da. Bakterio guztien artean %3 da patogenoa, eta gutxi horiek dira kolektibo osoari ospe txarra eman diotenak.
Beraz, gizakia pixka bat obsesionatua dagoela esan daiteke, ezta?
Bai, halaxe da. Mikrobioak lotzen ditugu beti gaixotasunekin, baina hori ez da beti horrela.
Zenbat mikrobio mota daude?
Kalkulatzen da bakterio guztien %10 baino ez dela ezagutzen. Egunero aurkitzen dira berriak.
Duela 30 urte, adibidez, ez genekien bakterioak zirela hesteetan ultzerak sortzen dituztenak. Horregatik, gaur egun azalpenik ez duten hainbat gaitz ziur aski jatorri mikrobiarra izango dutela frogatuko da.