Alabari senda-agiria eman bitartean, ospitalean bere ondoan egon ahal izango da Sara Majarenas Intxaurrondoko presoa. Bere aurka egin duten «injustizia izugarria» salatu du Kontxi Ibarretak, Majarenasen amak.
Urtarrilean aitak labankadaz eraso zionetik ospitaleratuta dago Izar, Sara Majarenas presoaren alaba. Valentziako La Fe ospitalean dago, eta ezin izan du bere ama ondoan izan. Bere amona Kontxi Ibarretak zaindu du. Herenegun, Jose Luis de Castro Espetxe Zaintzako epaileak Majarenasi bere alabarekin ospitalean egoteko baimena ematea erabaki zuen. Senda-agiria jaso artean berarekin egoteko aukera izango du, alaba zaintzeko.
Ibarretak pozez hartu du erabakia: «Orain elkarrekin daude, oso pozik. Izar zoriontsu dago bere amarekin, irribarretsu dago eta hizketan ari da denbora guztian. Bere ama, jakina, oso pozik dago», azaldu dio Irutxuloko Hitzari.
Osatzen ari da
Izar hobeto dagoela, eta pixkanaka osatzen ari dela dio Ibarretak: «Medikuak esaten digun esaldia da, ‘orain esan dezakegu hobekuntza ona dela’. Espero dugu senda-agiria ematea azkar. Infekzioak dira arazo nagusia, eta horregatik luzatzen ari da dena. Zain gaude».
Epaileak mediku txostenak izan ditu oinarri erabakia hartzeko: «Egokia da amaren ordutegia eta egonaldia zabaltzea egun osoz, adingabeak senda-agiria jaso arte», De Castrok ebatzi duenez. Argudiatu du «gizatasun printzipioari» erantzuten diola erabakiak.
Orain arte amak soilik ordu batzuk eman ahal izan ditu berarekin, eta amona izan da ospitalean:«Ni eta nire familia egon gara hemen, eta Euskal Herritik etorri diren lagunek ere lagundu didate, ni ospitaletik atera ahal izateko. Baina ia ezin izan naiz ospitaleko gelatik atera. Izarrek behar nau, uneoro behar du ni berarekin egotea».
Bere bizitzako oinarri nagusiak desagertu direla dio Ibarretak: «Bere aitak huts egin dio, eta amak orain arte ezin izan du berarekin egon. Beraz, ni ez nengoenean, berak sentitzen zuen ni ere desagertu egingo nintzela. Gau eta egun egon naiz berarekin».
Amaren presentzia uneoro eskatu eskatu duela dio Ibarretak:? «Bere ama behar du, eta honen aurrean begiak ixten ari dira batzuk. Denbora pasatzen ari da, eta gero eta gehiago behar du ama. Amarekin egoteko denbora kendu diote».
Izan ere, martxoaren 3an hiru urte beteko ditu Izarrek, eta orduan ezin izango du orain arte bezala bere amaren ondoan egon Picassenteko espetxean. «Bere urtebetetzearen biharamunean Euskal Herrira itzuliko da Izar. Asko dute hitz egiteko, eta asko konpontzeko, etxera itzuli baino lehen. Erasoa gertatu baino lehen beraiek hogeitalau orduz elkarrekin zeuden espetxean».
Martxoan Ibarretak hartuko du Izarren ardura: «Horrela aurreikusita zegoen, eta horretarako prestatzen ari zen Izar espetxean, baina gertatutakoak dena hankaz gora jarri du».
Zailtasunak zailtasun, ospitalean arreta bikaina jaso dutela nabarmendu du Ibarretak. Ospitaleko langileen tratua izugarria izan da, eta bizitza salbatu diote». Jendearen elkartasuna ere erraldoia izan dela eta izaten ari dela nabarmendu du: «Bihotzera iristen da herriaren oihua».
Esperantzarik gabe
Sara Majarenasen kasuak oihartzun handia izan du hedabideetan, eta hainbat pertsona eta hedabidek eskatu dute Majarenasen espetxe baldintzak arintzeko. Eneko Goia Donostiako alkateak jaioterrira gerturatzeko eskatu zuen. Gauza bera eskatu zuten espetxean ama izandako zenbait preso ohik.
Ibarreta, ordea, etsita dago: «Ez dugu inolako esperantzarik. Gauzak gertatu diren bezala… Bete ez diren aginduak eman ditu epaileak, beraz… Ez dakigu Sara etxera ekarriko duten. Nire esperantza bakarra da Izar osatzea, eta hiru urte bete bitartean amarekin egon ahal izatea».
Majarenas etxetik 600 kilometrora daukate urrunduta. Eta distantziaren erruz egoera are zailagoa dela dio Ibarretak:« Etxean, Donostian, egongo bagina beste modu batean egin ahal izango genuke hau guztia. Bai guk, bai alabak eta bai Sarak».
Gara egunkarian argitaratu zuen gutun batean adierazi zuen espetxe sistema eta sistema politikoa Izarren mundua hausten ari zirela idatzi zuen gutun batean: «Bihotzez idatzi nituen sentimendu horiek guztiak. Izar nola dagoen ikustean barru barrutik idatzi nuen. Sararen alabaren aurka egiten ari diren injustizia bat salatu dut. Bere ama heldua da, eta borroka egiteko bere modua du. Baina alabak ez du borroka egiteko modurik, eta biktima bihurtu da. Indarkeria matxistarena, eta bere amaren ondoan egoten uzten ez diotena». Izarren sufrimendua deskribatu du bere gordinean: «Berak mundu bat zuen. Bere ama eta aitarekin bizi zen mundu bat. Bere aitak huts egin dio, eta min egin dio. Bera ez dago jada. Bere amarengan du konfiantza gehien, baina ezin du berarekin egon. Nork erabakitzen du biak banatuta egotea? Zergatik ari da zigortzen alaba? Ama ere zigortzen ari dira, noski, baina ondorioak alabarentzat dira. Nik ez dut beste modu batean ulertzen.Hori izan da drama, ezin zuela bere amarekin egon. Lehendabizi bere aitak hautsi du bere mundua, eta ondoren sistemak. Nik ezin diot ezer azaldu. Bere amari ez diotela etortzen utzi esan diot. Ezin zuela etorri ez ziotelako uzten. Izarrek badaki espetxe batean bizi dela ama eta ezin dela atera, baina hau… Berak bazekien hurrengo urtean, Olentzero etorri ondoren, amarekin etxean egoteko aukera izango zuela».
2018an aske
Majarenas aske geratuko da 2018ko apirilean. Espetxe zigorraren hiru laurdenak bete ditu jada. Hil honetan 12 urte bete ditu espetxean, eta 2018ko apirilerako 13 urte eta bi hilabete ko zigor osoa beteko du.
Majarenas etxera hurbiltzeko eskatu du Ibarretak, Valentziara joan behar ez izateko: «Martxotik aurrera hilabetean behin joango gara bisitan. Ez dakit espetxez mugituko duten».