Fito Rodriguez idazlea, ibilbidean zehar azalpenak ematen. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Luxuzko ibilbide gidatu batez gozatzeko aukera izan dute hainbat lagunek gaur Donostian. Bagera elkarteak antolatuta, literatura eta Donostia lotzen dituen jarduera eder bat egin dute: Audiogidak.
Berez, proiektu digitala da, Bageraren webgunean daude Donostia literaturaren ikuspegitik gozatzeko ibilbideak. Hiriarekin lotura estua duten idazleen testuak entzun daitezke bertan.
Gaur, ordea, kalean bertan Donostiako mapan kokatutako hainbat euskal idazleren arrastoa jarraitu dute hainbat lagunek, eta idazle haiek idatzitako literaturaren pasarte batzuk entzuteko aukera izan dute, hiriaren txoko ezagun eta ez hain ezagunak ezagutu bitartean. Fito Rodriguez idazleak gidatu du ibilbidea, eta harrerra bikaina izan du.
Tabakaleratik abiatu da ibilbidea,
Pilar Iparragirre idazlearen Hilerriko jolasak liburuaren pasarte batekin. Iparragirre Donostiatik kanpo jaio arren Egiako hilerritik gertu pasa zuen haurtzaroa eta, kazetari zaildua idazle bihurtu zelarik, orduko oroitzapenak jaso zituen liburu honetan.
Ondoren Bilbo plazan gelditu dira, Arantxa Urretabizkaiaren
Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekulan bakarrik liburuko testu bat entzuteko. Eta bi orduko ibilaldian zehar Donostia beste modu batean ulertu eta irudikatzeko testuak eta azalpenak arretaz entzun dituzte Bageraren jardueran parte hartu duten lagunek. Harkaitz Canoren Twist, Ramon Saizarbitoriaren 100 metro, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi-ren Putzu, Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?, Eneko Olasagastiren Gauzurtz baten izenak asmatzen, Joxemi Zumalabe euskaltzale eta sortzailea, Rafa Egiguren poeta… Euskal idazle garaikidean hobeto ezagutzeko aitzakia ona izan da gaurkoa. Ziurrenik ez dute berriz egingo ibilaldi gidatua, beraz, interesa duenak
Bageraren webgunean du audiogidak jarraitu eta entzuteko aukera.