Auzotarrek posta bidez erabakiko dute frontoia mantendu edo bota nahi duten.
Arroka kaleko pilotalekua. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Arrokako frontoiaren partaidetza prozesua abian jarriko du Donostiako Udalak. Auzotarrek erabakiko dute pilotalekua mantendu edo bere ordez plaza bat egitea. Prozesuaren lehen fasea otsailaren 21, 22 eta 23an egingo da. Bi aukeren informazioa jasotzen duen liburuxka bat sartuko dute Arroka inguruko bizilagunen buzoietan, eta kartelak jarriko dituzte Easo plazan eta frontoian.
Partaidetza prozesuan hiru bilera egingo dira. «Auzoan batzarrak egingo ditugu bakoitzak bere iritzia emateko, eta bi asmoen inguruan informazioa eskaintzeko», azaldu du Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak. Lehenik, otsailaren 23an bilduko dira auzo elkarteekin. Bigarrenik, Amara Bai auzo elkarteak 28an azalduko du pilotalekua mantendu eta berritzeko proposamena. Azkenik, martxoaren 2an Hirigintza sailak pilotalekuaren ordez plaza bat egiteko proiektua aurkeztuko du. Bilerak, Easo kaleko suhiltzaileen eraikin zaharrean izango dira.
Martxoaren 8tik 19ra auzotarrek posta bidez bidali beharko dute erantzuna. Horretarako, gutun pertsonalizatua jasoko dute, eta edozein postontzitan utzi ahal izango dute zigilatuta. Hain zuzen ere, hamasei urtetik gorako 2.558 auzotarrek parte hartu ahal izango dute. Hala nola, San Roke, Lizarra, Osasuniturri, Autonomia, Arroka, Amara eta Amara Gaineko kaleetan eta Easo eta Arroka plazetan bizi direnek.
Kontaketa martxoaren 21ean egingo dute udaletxean, talde politiko guztien ordezkarien aurrean. «Bozketaren emaitza errespetatuko du udalak, nahiz eta azken hitza berea izan. Behin jakinda auzotarrek zer nahi duten beste prozedura bat jarriko dugu martxan», argitu du Agirrezabalagak.
Amara Bai elkarteari ez zaio gustatu prentsaren bidez jakitea zein izango den partaidetza prozesua. «Gurekin ez dute ezer adostu, eta hartu dituzten hainbat erabakirekin ez gaude ados», kritikatu du Jon Lakuntza elkarteko kideak. Bilera kopurua ere ez zaie egokia iruditzen: «Bilera bakarra egitea proposatu genuen. Bi proposamenak aurkeztu, eta ondoren auzotarrekin eztabaidatzeko».
Arrokako frontoiaren inguruan erabakia posta bidez hartuko dute auzotarrek. Amara Bai elkarteak, ordea, hautetsontzi batean eta modu presentzialean egiteko eskatu zuen. «Teknikariek esan ziguten posible zela, baina hori saihestea erabaki dute», azaldu du Lakuntzak.
Plaza Haundiko estalpea
Otsailaren 9an bilera irekia egin zuten Egiako kultur etxean, Plaza Haundiko estalpe berriaren inguruan hitz egiteko. Egia Bizirik auzo elkarteak deituriko batzarrean Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia eta Agirrezabalaga bera izan ziren. «Elkarteak egindako lana adierazgarria da. Auzotarrei proiektua azaldu zieten, eta arkitektoekin proiektuak landu zituzten».
Hiru enpresak proiektu bana eraman zuten Plaza Haundirako, eta auzotarrei azaldu zizkieten. «Garrantzitsua da enpresak horrelako bileretara joatea; auzoan gaiaz arduratzen direnekin harreman zuzena egiteko baliagarri zaie».
Estalpe berria egiteko proposamena prestatuko dute udalean eta auzora eramango dute, adostasunera iristeko. «Hasiera batean asmoa zen estalpea berritzea, baina proiektuan sartu dugu ingurukoa ere konpontzea». 350.000 mila euroko aurrekontua izango du proiektuak, baina Agirrezabalagak uste du diru gehiago behar izango dutela. «Estalpe berria ez dugu aurten bukatuko, baina datorren urterako obra guztia egitea da asmoa».
Ekialdeko barrutia
Donostiako Barrutien Organo Araudia onartu zenetik, barrutien osaketan ez da aurrerapauso handirik eman. Urte hasieran, Ekialdeko edo Altzako barrutia udaberrirako bideratuko dutela adierazi zuten udaletik. Horrela izango dela berretsi du Agirrezabalagak: «Azkenik, martxan jarriko dugu». Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakruz egongo lirateke barrutian, eta bakoitzeko ordezkariekin harremanetan daude. «Barrutiaren arautegia daukagu, baina moldatu beharko dugu. Denon artean ikusi behar dugu zer den aldatu beharrekoa».
Araudiaren arabera barruti bakoitzean ordezkariak hautatu behar dira. «Lehendakaria eta beste kargu batzuk definitu behar dira, eta horretarako auzoetako elkarteekin bilduko gara». Prozesua espero baino motelago doa, batez ere, araudia martxan jartzeko udaletxe barruan izaten ari diren zailtasunengatik.
Agirrezabalagak argi du, eskumenak eskumen, udaletxearen presentzia indartu nahi dutela Altzako barrutian. «Udalaren ekipamenduak auzoan erreferente izatea nahi dugu. Adibidez, kultur etxea eta kiroldegia. Aldi berean, auzotarrek kalean aipatzen dutena jakin nahi dugu. Beraien kezkak eta zalantzak zeintzuk diren jakitea garrantzitsua da».