Arrokako prozesuarekin ez dago konforme Amara Bai elkartea
Partaidetza sailarekin adostutakoa bete ez izana kritikatu dute.
Elkartearen ezadostasunaren berri eman dugu gaur IRUTXULOKO HITZAn.
Prozesua otsailaren 21ean hasiko da, eta auzotarrek bi proposamenen artetik bat aukeratu beharko dute. Amara Bai elkarteak frontoia mantendu eta egokitzea proposatu du, eta Donostiako Udaleko Hirigintza sailak, aldiz, pilotalekua bota eta plaza bat egitea.
Prozesuaren antolaketan parte hartze zuzenagoa izan nahi dute, eta horretarako, hiru eskaera egin dituzte: auzoko buzoietara bidaliko den liburuxkan bi proiektuen informazioa eta irudiak modu argi batean azaltzea; proposamenen aurkezpena egun berean izatea nahi dute -martxoaren 2an-; eta, prozesua publikoa, gardena eta bidezkoa izatea. Bestalde, horrelako prozesu bat hirian martxan jartzea garrantzitsua izango dela azpimarratu dute.
Amara Bai elkarteari ez zaio gustatu Arrokako prozesua antolatzeko Partaidetza sailak harturiko jarrera. Duela bi aste udaleko ordezkariekin bilera egin ondoren, hitz egindakoa eta adosturiko egitaraua “modu unilateralean” aldatzea kritikatu dute.
Erlazionatutako edukiaArrokako prozesua abiatuko du udalak otsailaren 21ean