Kutxa Kultur Festibalari boikot egiteko eskatu du Askekintzak
Askekintza elkarteak komunikatua atera du Kutxa Kultur Festibalaren leku aldaketa kritikatzeko. Jaialdia Igeldoko jolas parketik Donostiako Hipodromora mugituko dute, eta hasiera batean programazioaren baitan zaldi lasterketak iragarri zituzten. Erabaki horrek izandako kritika dela eta, antolatzaileek lasterketak ez egitea erabaki zuten.
Kutxa Kultur Festibalak izan duen zuzentzeko eta autokritika egiteko gaitasuna modu positiboan hartu du Askekintzak. Horrela ere, jaialdiari boikot egitea eskatu dute. Komunikatuan bi gauza azpimarratu dituzte.
Batetik, zaldiak norbanakoak direla, nerbio sistema dutela eta ez dutela ekintza batean parte hartzera behartuak izan nahi adierazi dute. “Gizakien esplotazioa defendatzeko arrazoi horiek onartuko ez genituzkeen bezala, beste animaliekin egiten denean ere baztergarria iruditzen zaigu”, gaineratu dute.
Bestetik, kritikatu dute, zaldi lasterketak kendu arren, festibala “animaliak esplotatzen diren espazio batean” ospatuko dela. “Horrela, espazio hori legitimatu eta ekonomiko lagundu, babestu eta sustatzen da”, salatu dute.
Aipaturiko arrazoiengatik, “jaialdiaren bitartez animalien esplotazioa ez babestu eta zaldien erabilera injustuaren legitimazioa baztertzea” eskatu dute.
Erlazionatutako edukiaHipodromoan egingo dute Kutxa Kultur Festibala