Hezkuntza delegatuarengana jo dute Landaberri ikastolako irakasleek, erraustegiaz kezkatuta
Euren ikastolatik metro gutxira eraiki nahi duten errauste plantaren eraginen berri jakin nahi dute Lasartekoek, eta GuraSOSen igandeko protestarekin bat egin dute.
Lasarteko Landaberri ikastolako irakasleak kezkatuak daude. Euren eskolatik metro gutxira Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua egina dago, eta harek ikastolarengan izan dezakeen eraginen berri jaso nahi dute. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen delegaritzara jo dute hainbat irakaslek, eta Gema Gonzalez de Txabarri hezkuntza delegatuari eskutitz bat igorri diote, euren egonezina adieraziz: “Nork ziurtatzen du gure haur ikasleen osasuna ez dela kalteturik izango hemendik ez oso epe luzera, urtero aurreikusten dituzten 155 mila tona erraustearen ondorioz haizatuko diren dioxina eta mikropartikula iragaitzez?”, galdetu dute irakasleek. Hainbat datu plazaratu dituzte irakasleek, eta euren hezkuntza proiektuak helburu duela ingurumenaren iraunkortasun jarduerak sustatzea azaldu dute: “Ezin dugu onartu interes orokorrekoa izendatzea osasunarentzat kaltegarria izan daitekeen errausketa proiektua”. Gainera, irakasleek agertu dutenez, GuraSOSek iganderako deitu duen protestarekin bat egingo dute.