90eko hamarraldira arte, esne saltzaileak atez ate ibiltzen ziren Donostian. Lege berrien ondorioz, baserri askotan behiak kendu zituzten; beste batzuetan, aldiz, apustu egin, eta familiako ogibideari eutsi diote, aro berrietara egokituz.

Garai bateko esne saltzaileak, lanean. (Argazkia: Kutxa fototeka)
Eguzkiaren lehen izpiek iragartzen dute egun berriaren hasiera. Oilarraren kukurrukuak esnatzen ditu baserritarrak. Goiz gosaldu, astoa hartu, eta abiatu da etxeko andrea kapitalera. Ordubeteko bidea du aurretik, oinez, baina argi du gaurko izerdia biharko ogia dela, eta gogotsu ekin dio eguneko jardunari. Laguntzaile fina hiriaren kanpoko aldean utzi du lotuta, marmitak hartu ditu, autobusean igo, eta abiatu da Bretxako merkatura. Handik gutxira, lehenengo bezeroak hasi zaizkio hurbiltzen, eta egun ona opatzearekin batera, esnea banatzen hasi da. Marmitak hustu dituenean, baserrira itzuli da, oheratu aurretik makina bat lan ditu eta egiteko. Eguzkiz eguzki, astelehenetik igandera, lanean bizi dira baserritarrak.
Iraganeko pasarte bat dirudien arren, duela gutxi arte errepikatzen zen usadioa da. Igarako Pokopandegi baserriko etxekoandrea zena, esaterako, 18 urte bete aurretik hasi zen esne saltzaile lanetan. Garai hartan Usurbilen bizi zen, eta egunero etortzen zen oinez esnea saltzera. «Garai bateko emakumeek meritu handia zuten», dio haren seme Pako Goenagak. 1941ean joan ziren bere gurasoak Ibaetako baserrira bizitzera. «Gaztetan Donostian lortu zituen bezeroei eutsi zien, eta Pokopandegin bizitzen hasi zenean, esnea saltzen jarraitu zuen. Hasieran, astoarekin jaisten zen Igarako autobus geltokiraino, gero zaldi gurdiarekin, eta, azkenik, gida-baimena atera, eta autoz egiten zuen banaketa; urte asko eman zituen esne saltzaile». Goenaga bera ere ibili zen amari laguntzen oporrak zituenean. «8 urte inguru izango nituen. Orduan, Bretxa zegoen orain Madril baino urrutiago; niretzako zen mundua ikustea!».
Igeldok ere harreman estua izan du esnearekin. Garai batean, esaterako, Orioko Bentatik Igararaino 80 baserri inguru zeuden esnetako behiak zituztenak. Halaxe azaldu du Ondazarte baserriko Antton Dorronsorok. «Bide bat zen baserritarrek beren produktuekin etekin pixka bat ateratzeko». Aitona Goierritik etorri zen Igeldora, eta sorterrian bezala, behiak jarri zituen baserrian. «Gure etxean, aitak kanpoan lan egiten zuenez, bizilagunek hartzen zuten gure esnea hirian saltzeko. Batzuk astoarekin jaisten ziren Antiguaraino, beste batzuk, berriz, autobusez egiten zuten Igeldo eta Donostia arteko bidea».
Urteen joan etorriarekin, ordea, osasun legeak zorroztuz hasi ziren, eta 90eko hamarraldiaren hasieran galarazi egin zuten esne gordina saltzea. Horrenbestez, esnea pasteurizatzeko makinak eskatzen hasi ziren baserrietan. Hori dela eta, baserritar askok esnetako behiak kendu zituzten, aro zahar baten ateak itxiz.
Tradizioarekin aurrera
IRUTXULOKO HITZAk bisitatu dituen bi familien kasuan, tradizioarekin aurrera egitea jarraitu dute, garai berrietara egokituz. Ibaetakoek jogurtaren aldeko apustua egin zuten, Goenaga Jogurtak sortuz, 1983an. «Gaztetan kanpoan ibili nintzen lanean, eta azkenean, 1979an, baserrira itzultzea erabaki nuen; handik gutxira, merkatura salto egitea erabaki nuen, eta 34 urte beteko ditut», azaldu du Pako Goenagak. Hutsetik hasi zen lanean, makinak kanpotik ekarri zituen, baina «poza eta ilusioa» izan zituen iparrorratz proiektua abian jartzeko. Pausoz pauso handitzen joan da enpresa, eta egun, 17 lagun ari dira lanean.
Dorronsorotarrek zuzeneko salmentaren aldeko apustuari eutsi zioten Igeldoko Esnea esnetegiarekin. Etxeko buru Anttonek, Goenagaren antzera, baserrira itzultzea erabaki zuen, eta ukuilua zaharberritu zuen. Hastapenetan esne gordina saltzen bazuen ere, pasteurizatzeko makina bat erosi, eta garai berriek eskatzen zituzten baldintzetara egokitu zen. «Aukera ikusi nuen, eta ongi atera zitzaidan», dio Dorronsorok. Hala, Gurelesari esnea saltzeaz gain, zuzeneko salmenta indartzen hasi zen.
Belaunaldi berriek hartu dute lekukoa esnetegian, eta erronka berriak gaindituz egin dute aurrera aitak marraztutako bidean (bost langile dituzte esnetegian eta ukuiluan). Horiek horrela, esnea kartoizko kaxatan saltzen dute, eta, 2010an, etxeko kontsumoa indartzeko helburuarekin, 24 orduz zabalik dauden makinak jarri zituzten Antiguan eta Grosen. Esnea edateko ohitura aldatu bada ere, gizartea gero eta kontzientegoa da tokian tokikoa erosteak duen garrantziaz. «Bertako produktuak kontsumitzean, herri baten ekonomia indartzen da», azaldu du Anttonen alaba Larraitzek.
Erronka berriei aurre eginez, Donostiako baserritarrek tinko jarraituko dute lanean, ofizio zaharra berritzen. Hala izan bedi.