Edu Zabala idazlea. (Argazkia: Aizpea Amas / Oarso Bidasoko Hitza)
Edu Zabala idazle eta irakaslea Amara Berriko
Ikasbide kultur elkartean izango da
otsailaren 21ean, asteartea (20:00). Inauteriak iristear dira, eta ospakizun honen jatorriaz eta sinbologiaz gogoeta egiteko aukera emango du hitzaldiak. Ikasbide kultur elkarteak Korrikaren harira antolatu duen jardueretako bat da.
Edu Zabalak lehendabizi idatzi zuen liburua Euskal Herriko inauteriei buruzko ipuin bilduma bat izan zen. Ikuspegi magiko, fikziozko batetik, nekazal inauterien beste irakurketa bat egin zuen. Orain
Inauteria, gizakia naturaren kontra argitaratu du. Euskal Herriko eta munduko inauteriak aztertu ditu. Inauteriaren sustrai zaharrez eta unibertsoa sortu aurreko kaosarekin dituen balizko loturez mintzo da luze eta zabal.
Nekazal giroko lau inauteri aukeratu ditu horretarako:?Ituren eta Zubieta, Lantz, Altsasua eta Zuberoako maskarada. Hitzaldian azalduko du nola inauterietan gizakiak ama lurrarekiko ustezko nagusitasuna antzezten duen, hainbesteraino non heriotza bera ere gainditzeko bidea hartzen duten parte hartzaileek. Inauteri horiek beste kulturetako mitologiekin konparatzen ditu. Esaterako, Bulgariako kuker inauteria eta Euskal Herriko joaldunak. Edo Zuberoako maskaradetako dantzarien jauziak eta Afrikako masai tribuaren dantzak.