Turismoaz herritarrek duten iritzia jasotzeko webgunea sortu dute
Plaza Irekia ataria jarri dute martxan Donostia Turismoak eta Convention Bureau-ek.
Jarduera turistikoaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko Plaza Irekia webgunea abian jarri dute Donostia Turismoak eta Convention Bureau-ek. Turismoa garapen urbano, ekonomiko, sozial eta kulturalaren iturri izan daitekeelako, hiritarrek erabakien protagonista izatea nahi dute egitasmoaren bultzatzaileek. Ahots guztiak entzutea dute helburu, errespetuzkoa eta jasangarria izango den turismoa bermatzeko.
Herritarrek bost gai nagusiren galderen inguruan eman dezakete iritzia, hilabete bateko epean. Gai horiek dira Turismoaren Gida Planeko etorkizuneko ardatz nagusiak: Turismoaren hazkunde orekatua eta jasangarritasuna, marka turistikoa, turismoaren gobernantza, segmentu turistiko espezifikoen garapena eta hiriaren eredu turistikoa.