Larratxo pasealekuaren zati bat hartuko du Smart Kaleak. (Argazkia: Mikel Goñi)
Hasi dituzte lanak Altzan, Altza pasealekua Smart Kalea bihurtu dadin. Merkatariek hala eskatuta aukeratu dute pasealekua, gune nagusi gisa, baina Larratxo pasealekuko zati bat ere hartuko du. Zehazki, anbulatorioaren ondoko zatia bihurtuko dute smart, Larratxo pasealekuan. Horrela, bertako hamabi dendak egingo dute bat egitasmoarekin, baita etxebizitza batzuek ere. Udalaren hitzetan, arrakastatsua izan da altzatarrek izandako harrera, eta aurrera jarraituko du asmoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Argiztapen adimentsua jarriko dute, eta udalaren hitzetan, iraunkortasunean lagunduko du. Gainera, segurtasunean irabaziko dutela diote, eta herritarrak kontsumo arduratsuaren baitan kontzientziatzeko balioko duela.
Leycolan enpresa arduratuko da Smart Kalea atontzeaz. Horrela, egungo argiztapena ordezkatuko dute, LED argiekin. Teknologia berriari esker, argiztapena automatikoki egokituko da beharrezko neurrira, egoera bakoitzean.
Aurreko legealdian, Parte Zaharreko Kale Nagusian jarri zuten abian Smart kaleen eredua. Orain, egindakoa Altzara eramatea erabaki dute, baliabide gutxien dituen hiriko gunea delako. Guztira, 20.000 biztanle baino gehiago ditu Altzak, eta inguru horretan bizi diren bizilagunen perfil sozio-ekonomikoa nahiko baxua da, hiriko baxuena, hain zuzen ere.