Galarreta, Donostia eta Hernaniren arteko muga. (Argazkia: Batix Ezeiza)
Ezagutzen ditugu geure inguruko herri eta txokoak, baina ba al dakigu zehazki non amaitzen den Donostia eta non hasten diren hauek?
Donostiaren mugak hamaika erakoak izanda ere (argazki erreportaje baterako baino, aldizkari oso baterako adinako gaia izan daiteke hau), oraingo honetan soilik udalerriaren hedapena adierazten duten mugei heldu diegu. Baina gai korapilatsua izan daiteke hau, galde iezaiezue igeldotarrei edo altzatarrei bestela…
Eztabaida pizteko inolako asmorik gabe, udalerriaren gaur egungo muga ofizialak hartu ditugu kontutan, honek dituen berezitasunekin. Izan ere, hirigunea osatzen duten auzoez gain, Donostiak baditu 4 barrendegi: Zubieta, Usurbil eta Lasarte artean; Landarbaso, Hernani eta Orereta artean; Urdaburu, Ereñozutik gora Aranora bidean; eta azkenik Artikutza, Goizuetako lurretan dagoen barrutia.
Kilometro batzuk egin ditugu beraz kamera eta mapa eskutan, udalerri muga ofizial hauek zehazki non diren ezagutu eta ezagutzera emateko asmotan. Argazkitan ez daude guztiak, baina gure hiria noraino heltzen den jakiten laguntzeko balioko dutela espero dugu. Ofizialki eta geografikoki bada ere, bederen…!