Fito Rodriguezek eta Angel Gonzalezek 'Zorroaga ahora Ibaeta' liburua argitaratu dute.
‘Zorroaga ahora Ibaeta’ liburuaren aurkezpena. (Argazkia: I.Esnaola)
Zorroagako unibertsitate publikoa izan zenaren inguruko entsegu liburua aurkeztu du
Fito Rodriguez irakasle eta idazleak. Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako EHUren fakultatean izan da aurkezpena, eta Zorroagan ibilitako hainbat bertaratu dira. Angel Gonzalez, liburuaren beste egileak, ez du bertaratzeko aukerarik izan.
Zorroaga ahora Ibaeta liburuan, Rodriguezek izan zena kontatu du bere ikuspegitik. “Memoria liburu bat da. Menditik hirira eta zibilizaziora jaitsi ginenekoa kontatzen ahalegindu naiz”, azaldu du Rodriguezek. Horrekin batera, Zorroagako hormetan egindako pintaketen eta muralen argazkiak ere jaso dituzte liburuan. “Garai hartako errealitatea kontatzen dute, eta banuen berreskuratzeko gogoa”.
1978 eta 1990 urteen artean egon zen zabalik Zorroagako unibertsitatea. Filosofia ikasketak ez ezik, Pedagogia eta Psikologiakoak ere eskaini zituen. Rodriguez irakasle aritu zen bertan, pedagogiaren atalean.
Liburuaren eta Zorroagako unibertsitatearen inguruko erreportajea argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk, datorren astean.