Herritarrei esker ona adierazi die Uliako Lore Baratzak taldeak.
Argazki jendetsua Uliako mintegietan. (Argazkia: Uliako Lore Baratzak)
Argazki jendetsua egin zuten atzo,
Uliako parkea babesteko egindako #SOSparkea jardunaldian. Uliako Lore Baratzak taldeko kideei esker ona adierazi diete mintegietara hurbildu ziren herritarrei. Hain zuzen ere, ehun pertsona inguru izan ziren bertan. Beñat Gaztelumendi bertsolariari ere eskerrak eman dizkiote, parkeari eskainitako bertsoarengatik, bertan kantatu zuena.
Eguraldi ona lagun, hainbat jarduera egin zituzten atzo Uliako parkeko mintegietan. SEO-Donostia ornitologia taldeak parkean egindako urtebeteko lana aurkeztu zuen.
Guztira, 38 hegazti espezie zenbatu dituzte, agerian utziz horrek duen aberastasuna. Hegaztientzako parkea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.
Bestalde, Uliako Lore Baratzak taldeak omenaldi berezia eskaini zion
Antxon Larratxau Matxain parkeko azken zaindariari. Herritarrek txalo artean hartu zuten, eta zaindariaren etxearen margolana duen oleo koadroa oparitu zioten.