Metro igarobidearen aurkako mobilizazioa egingo dute apirilaren 1ean
Satorralaia bizilagunen mugimenduak hainbat jarduera antolatu ditu martxorako; metro igarobidearen inguruko informazioa eta salaketa egiteko asmoz. Apirilaren 1ean, berriz, mobilizazioa egingo dute Metroaren pasanteari ez! lemapean.
Hori dela eta, Satorralaia bizilagunen mugimenduka dei egin nahi die herritarrei antolatutako jardueretan parte hartu dezaten: “Dbus-en ekintza informatiboak egingo ditugu eta Donostiako auzoetan informazioa zabaltzeko astea; halaber, Gasteizera autobusa antolatzen ari gara Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren aurrean Metroaren pasantea geldi dezatela aldarrikatuz kontzentrazioak egiteko”.
Salatu dute metro igarobidearen inguruan herritarren partaidetzarako bideak “sistematikoki ixten ari dela Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala”.
Hori dela eta, Donostiako talde sozial eta pertsona guztiei manifestazioaren deialdiarekin bat egiteko eskatu diote eta atxikimenduak honako helbidera bidaltzeko eskatu dute: satorralaia@gmail.com.
Egingo dituzten jarduerak:
Martxoak 4etik 15era autobusetan informazioa- Garraio publikoaren erabiltzaileei metroaren pasantearen proiektuak autobus zerbitzuetan aurreikusten dituen murrizketei buruz informatzea da helburua. Lehen ekintza informatiboa martxoaren 4a larunbatean egingo dute, Boulebarreko markesinetan 11:30etik 14:00etara. Hurrengo egunetan ekintza informatibo puntualak egingo dituzte talde txikitan hiriko autobus geltokietan. Ekimen honi amaiera emateko, martxoaren 15ean Dbus-eko langileen Kurpil elkartearen hitzaldi informatiboa antolatu dute Lugaritz kultur etxean 19:00etan.
Martxoak 16 osteguna, Lakuan kontzentrazioa- Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean metroaren pasantea gelditzeko eskatuko dute kontzentrazio batekin. Dbus-eko Kurpil langile elkartearen laguntzari esker, bidaia dohainik izango dela jakinarazi dute.
Martxoaren 21etik 25era auzoetan informazio banaketa astea- Hiriko puntu ugaritan informazio orriak banatu nahi dituzte.
Martxoak 30 ostegunean prentsaurrekoa- Manifestaziorako azken deia egingo dute Koldo Mitxelenan 11:00etan.
Apirilak 1 larunbata manifestazioa- Metroaren pasanteari ez! lemapean, 12:00etan manifestazioa egingo dute Easo Plazatik abiatuta.