Alerta naranja bukatu da eta ez du kalte handirik eragin.
Pasealeku Berriko kalteak txikiak izan dira. (Argazkia: Donostiako Udala)
Garbiketa lanak egin ondoren irekiko dute Pasealeku Berria, arratsaldean zehar. Alerta naranja goizean bukatu da, eta Babes Zibileko, Mantentze-lanetako eta Zerbitzuetako teknikariak Su-hiltzaleekin eta Udaltzaingoarekin izan dira Pasealeku Berrian. Olatuek kalte gehien eragin duten gunea da, eta hiri-altzariak izan dira kaltetuenak.
Olatuek hainbat zakarrontzi eta dozena erdi banku kendu dituzte, 12 auto kaltetzearekin batera.
Itsasaldiak hiriko beste zenbait gunetan ere bere eragina izan du. Adibidez, Ondarretan eta Kontxan, hondarra eta itsasoak ekarritako zikinkeria dago. Nolanahi ere, Donostiako Udaleko Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zuzendaritzako zuzendari Imanol Andonegik adierazi duenez,
itsasaldiak eragindako kalteak beste batzuetan baino txikiagoak izan dira.
Pasealeku Berriari dagokionez, ondokoa azaldu du Andonegik: “Behin paseoa garbituta, arriskutsuak izan daitezkeen gauzak kenduta, eta olatuek kendu dituzten estoldetako tapak jarrita daudenean ziurtatuta, Paseo Berria irekiko dugu”.