Martxoaren 27an jasoko dute saria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Francoren bilobari gutuna antzezlanak lortu du aurtengo Donostia Antzerki saria. 17. urtea da udaleko euskara zerbitzuak eta Donostia Kulturak sari hau ematen dutena.
Artedrama, Dejabu papin laborategia eta Le Petit Théatre de Pain taldeek elkarlanean aurkeztutako lana da
Francoren bilobari gutuna antzelana. Miren Azkarate kultura eta euskara zinegotziak azaldu du pozgarria dela iparreko eta hegoko abenturak batzen dituen antzezlan batek irabazi izana.
Aktoreek ere pozik jaso dute saria eta antzerkigintzaren egoera prekarioa eta euskararen normalizazioaren beharra azpimarratu dituzte euren hitzartzean: “Euskararen normalizazioan eragitea da gure helburua; eta hainbat eztabaida izan ditugu horren harira. Baionan antzerkia azpitituluekin egin beharko genuke?”
Euskarazko antzerkiari bultzadatxo bat emateko asmoz aurten berrikuntza bat egin dute:
“Lehengo urtean 10.000 euroko saria eman genuen; eta aurten 12.000 eurokoa izango da”. Dena den 2.000 euro gehigarriak jaso ahal izateko 2019a bukatu aurretik beste euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko dute Donostian.
Azkaratek gogorarazi du 2016. urtean Donostian euskaraz eta helduentzako 18 antzerki eta 47 emanaldi eskaini direla.
Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusteko aukerarik izan ez duenak,
martxoaren 27an 19:30etan Viktoria Eugenian edukiko du horretarako aukera; egun horretan jasoko dute 17. Donostia saria ere.