Majarenasi bigarren gradua eman diote, alabarekin harrera etxe batean bizi dadin
Sara Majarenas euskal presoari espetxetik ateratzeko baimena eman dio Auzitegi Nazionalak, Berria egunkariak jakinarazi duenez. Padre Garralda-Horizontes Abiertos Fundazioan bizitzeko baimena eman dio, alabarekin. Gaur bete ditu 3 urte umeak, eta amarengandik bereiztekotan ziren.
Sara Majarenas Donostiako presoa Picassenteko kartzelan eduki dute urrunduta (Valentzia, Herrialde Katalanak), etxetik 595 kilometrora, gaur arte. Joan den urtarrilaren 15ean, euskal presoaren 2 urteko alaba labanaz zauritu zuen haren aitak.
Majarenasen askatasunaren aldeko plataformak bilera erronda egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko alderdiekin: egoeraren berri eman eta konpromisoak proposatu dituzte. PPrekin izan ezik, gainerako taldeekin bildu direla azaldu dute plataformako kideak. PPk agenda arazoengatik ezin izan du bilera errondan parte hartu, baina goizean hartuko ditu plataformako ordezkariak.Positiboki baloratu dute PPk haiekin biltzeko interesa agertu izana. Plataformako kideek azaldu dute alderdi guztiek babestu dutela plataformaren eskaera.Legebiltzar taldeek konpromisoa hartu dute eskaera hori legebiltzarrera eramateko.
Manifestazioa deituta dago 19:00etan Bulebarretik Majarenas eta haren alaba askatzeko eskatzeko. Goizean, hainbat ikastetxeetako gazteek elkarretaratzeak egin dituzte.
Sara Majarenasen gutuna argitaratu dugu gaur.