Astebururako jarduera ugari antolatu dituzte: danborrada-poteoa, haurrentzako jolasak eta kontzertuak, besteak beste; bihar, Aingeru Zaindariaren XIV. Krosa jokatuko dute

Aingeru Zaindariaren eguneko erromeria, herenegun. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duela hiruzpalau hilabete hasi ziren jaiak antolatzen, eta dagoeeneko festa giroan murgildu dira Ibaetan. 25 lagun inguruk parte hartzen dute jai batzordean, baina egunotan beste auzotar askoren laguntza jasotzen dutela adierazi dute: «Zorte handia dugu jendea beti laguntzeko prest dagoelako. Zerbait eskatu orduko, hortxe daude edozerrekin laguntzeko asmoz: musika, argiak, hesiak…».
Laguntza hori, nola ez, Aingeru Zaindariaren egunean ere jaso zuten. Auzotarrentzat egunik «bereziena» izan ohi da, eta halaxe erakutsi zuten asteazkenean. Hain zuzen ere, eguraldi ona lagun, auzotar ugari elkartu ziren Aingeru Zaindariaren ermitako erromerian.
«Guretzako martxoaren 1ekoa egunik politena da. Normalean, auzoko beheko aldetik azaltzen ez den jendea etortzen da, baserrietakoak edo Ibaetakoak diren baina beste auzo edo herrietan bizi direnak», azaldu du jai batzordeko Txaro Irizarrek.
Bada, Aingeru Zaindariaren eguna ezin hobeto igaro zuten Ibaetakoek, musika, herri jolas eta bertsolarien laguntzarekin. Meza amaitu bezain laster, Estanga trikitilariek girotu zuten erromeria, eta ingurua jendez lepo zegoen.
Izan ere, auzotarrak ez ezik, Ibai Lizeoko ikasleak ere –Aingeru Zaindariaren aldapan dute egoitza– bertaratu ziren, eta Gorriti Show izeneko herri jolasetan parte hartu zuten gogotsu. Zalditxoen gainean paseoan ibili ziren batzuk, eta beste batzuk zezentxoak zirikatzen aritu ziren.
Goiza amaitzeko, bertsolarien txanda iritsi zen. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Beñat eta Unai Gaztelumendi izan ziren oholtza gainean. Ibai Lizeoko ikasleei eskaini zizkieten hainbat bertso, baita Ibaetako jaiei ere. Horretaz gain, Reala eta Eibarren arteko partida eta bertsolarien beraien pasadizoak izan zituzten hizpide.

Aingeru Zaindariaren eguneko erromeria, herenegun. (Argazkia: Lide Ferreira)
Egitarau oparoa
Festa, baina, ez zen asteazkenera mugatu, eta egitarauak jarraipena izango du egunotan. Gaur, bereziki, haur eta gaztetxoek gozatuko dute festaz: 17:30ean, Oria txaranga eta buruhandiak ibiliko dira auzotik; 18:00etan, txokolate jatea egongo da, eta, 18:30ean, gazteek euren koreografiak erakutsiko dituzte playback dantzaoke izeneko jardueran.
Gauean bai, 21:15etik aurrera, helduen txanda izango da. Izan ere, danborrada-poteoa egingo dute auzoan zehar, Elizaren behekaldetik irtenda. Arrantzale, baserritar edo jantzi zuriekin aterako dira parte hartzaileak. Amaitzeko, 22:30ean, gazte taldeek kontzertuak eskainiko dituzte; Pelayo y Sus Malditos eta Porco Bravo musika taldeek, hain zuzen ere.
Larunbat goizean, 12:00etan, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Erromirria ikuskizuna egongo da ikusgai haurrentzat. Arratsaldean, berriz, 16:00etan, dantza saio batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Aurten, Santa Teresa ikastetxea auzoko jaietan parte hartu nahi izan du, eta zumba saio bat antolatu du.
Jarraian, 17:00etan, haurrentzako jolasak izango dira nagusi: lapikoak apurtzea, lokotx lasterketa, arrautz lasterketa, zinta lasterketa eta abar. Ez dute aspertzeko astirik izango.
Bitartean, ordu berean, Aingeru Zaindariaren XIV. Igoera egingo dute. Lasterketaren ibilbidea 6,18 kilometrokoa izango da, eta auzoko kaleetatik barrena bi itzuli egin beharko dituzte korrikalariek. Parte hartu nahi duena oraindik garaiz dabil Herrikrosa.eus webgunearen bidez egiteko edo egunean bertan izena emateko.
Bertso poteo herrikoia ere egingo dute, 20:00etan, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegirekin, baina lehenago, 19:30ean, sardinak jateko aukera egongo da Txokito tabernan, baita Erokomeri erromeriaz gozatzekoa ere, Lautximeneta frontoian.
Nogen eta Erokomeri taldeek musika emanaldia eskainiko dute 23:00etatik aurrera, baina eguna ez da horrekin amaituko. Izan ere, «koxkortuentzako» zinta lasterketa egingo dute, 01:30ean (bizikleta eramatea ezinbestekoa da).
Igandean goizean goiz diana eta dultzaineroak entzungo dira, eta lehiaketak izango dira protagonista: toka eta bote txapelketa, 10:30ean; eskolarteko haur krosa Errotaburun, 11:00etan; patata tortila lehiaketa, 12:30ean; sagardo dastaketa 12:45etik aurrera; eta, Aratz erretegian, mus txapelketa, 17:00etan.
Saldias, oholtzara
Bestalde, Ibai ikastolako abesbatzak kantatuko du auzoko elizan, 16:30ean, eta, 17:30etik aurrera, herri kirolen jaialdia ospatuko dute, aizkolari eta harri jasotzaileekin. Eguna bikain amaituko dute, Egan taldeak kontzertu «ikusgarri eta bakarra» eskainiko baitu, 18:30ean.
Iaz erretiroa hartu bazuen ere, oraindik salbuespen batzuk egiten ari da Xabier Saldias abeslaria; tartean, Ibaetako jaiena. «Jai batzordean dago eta aurten ere oholtzara igotzea lortu dugu!», adierazi du pozik Irizarrek.
Jaien amaiera ofiziala astelehenean izango da. Arratsaldean umeen eguna ospatuko dute, rollerren jaialdia egingo dute (5 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, kaskoa, patinak eta bestelako materiala eramanda) eta txokolate jatearekin agurtuko dituzte jaiak. «Parte hartzeko festak dira, eta adin guztietako jendea etorri daiteke, denontzako baitago tokia», amaitu du Irizarrek.