Hamar urte bete ditu Donostiako Kafe Antzokiak; maiatzean Dordoka Fest egingo dute Antiguako frontoian, urteurrena ospatzeko.
Dokako bazkideak, kudeatzaileak eta langileak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Dordoka Fest jaialdia antolatu dute
Doka antzokiko arduradunek, Antiguako frontoian, maiatzerako. Dokaren hamargarren urteurrena izan da kontzertuak antolatzeko aitzakia, baina urtero halako jai bat egiteko asmoa dute, uda aurretik: “Datorren urtekoa indartsuagoa izatea nahi dugu, eta dagoeneko non egin dezakegun pentsatzen ari gara”, azaldu du Eneko Aritza Yabenek.
Dordoka Festen lehen edizioa maiatzaren 13an izango da, eta lau talde esanguratsuk parte hartuko dute:
Amparanoia (Madril), Siniestro Total (Galizia), Rural Zombies (Zestoa) eta Skakeitan (Donostia). “Pausoz pauso, mantso, baina indartsu goaz”, gehitu du Yabenek, dortoka animaliarekin lotura eginez. Gainera, gogorarazi dute dortoka ere animalia zaharra, euskara bezalaxe, baina oskol gogorrekoa dela.
Kontzertuetarako sarrerak 15 euroan eskuratu daitezke, aurretik; eta, leihatilan, 18 euroko prezioa izango dute. Gainera, martxoaren 21a arte, 12 euroan jarriko dituzte salgai 150 sarrera.
Urtarriletik abian dute
10 urte, 10 kontzertu jarduera, eta, momentuz, talde hauek igaro dira: Gatillazo, Kaotiko eta Tremenda Jauria. Udaberrian, Dinero, Josetxu Piperrak eta Anestesia taldeen txanda izango da. Auzoarekin harremana estutzeko asmoz, martxoaren 17an, Antiguako frontoian bertso-pilota antolatu dute, pilota eskolarekin elkarlanean.
Etxean bezala
Donostiako Kafe Antzokiak hamar urte daramatza euskal kultura sustatzen, eta bestelako hizkuntz eta kulturen aterpe izaten. Horrela, orain arteko ibilbideaz harro daude arduradunak: “Pixkanaka talde hobeak ekarri ditugu, bertakoak ahaztu gabe. Teknikoki ere eboluzionatu dugu, eta, orain, esan daiteke erreferente bihurtu garela talde askorentzat”, azaldu du Yabenek. Gaur egun, asteazkenetik larunbatera zabaltzen dute Doka, baina itxita dagoen egunetan ere auzokoek erabili izan dutela diote. “Jendea ez da kontzertu batetara bakarrik etortzen, etxean bezala sentitzen da, identifikatua”.