Europako Hizkuntzen Maparen aldeko argazki jendetsua egingo dute
Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan egin duen proiektuetako bat da.
Urtebeterako iraupena zuen egitasmoak, baina mapak izan duen harrera ona ikusita, Bagera elkarteak dagoen tokian edo beste leku ikusgarri batean uzteko eskatu dio udalari. Izan ere, elkartearen ustez, maparen kokapen estrategikoak eta ikusgarritasunak eman dio egitasmo honi erreferente izateko aukera: “Hizkuntza txikiei ikusgarritasuna emateko mapa bat Donostiako leku estrategiko batean egotea nahi dugu”.
Hilaren bukaeran mapa Tabakaleratik kendu egingo dutela jakin denean, mapa Tabakaleran uzteko eskaerarekin bat egin dute hainbat herritarrek. Bagera elkarteak hainbat esparrutan lanean ari diren eragileen babesa eta elkartasuna jaso du, eta horiekin bat eginda argazki jendetsua egingo dute mapa dagoen tokian, ostiralean, hilaren 10ean, 18:30ean. Ostiralean urtebete beteko da mapa bertan jarri zutenetik, eta urtemuga probestuko dute egitasmo honi atxikimendua emateko. Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute, egin ditzagun ikusgarri lelopean argazki jendetsura joateko deia egin du elkarteak.
Duela urtebete jarri zuten Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera kanpoaldean.