Gaika bildu, bildutako tratatu, eta azken errefusa ere tratatzea proposatu du erraustegiaren aurkako mugimenduak
Berria egunkariak.
Gipuzkoan erraustegia baino soluzio hobeak badaudela uste du erraustegiaren aurkako mugimenduak. Proposamen hau egin du: gaikako bilketa Gipuzkoa osora zabaldu; sailkatutakoa tratatzeko azpiegitura egokia bukatu; eta geratzen den azken errefusa ere tratatu. Uste du, horrela, “epe oso laburrean” hondakinen gaia bideratu daitekeela, hala jakinarazi du
Prozedura hori martxan jartzeko 70 milioi euro nahikoak direla azaldu dute, eta ez dira behar errauste planta eraikitzeko aurreikusten diren 212 milioi euroak. Beraien proposamena aplikatuko balitz, 50.000 tona errefus geldituko liratekeela azaldu dute, eta ez gaur egun gelditzen diren 150.000 tona. Horretarako, azaldu dute udal eta herritar orok “gaikako bilketa ona eta zuzena” egitea dela lehen urratsa.
Dena den, azaldu dute gaika bildutako hori ondo tratatzeko baliabide egokiak jarri beharko lituzkeela administrazioak. Azkenik, gelditzen den errefusari Tratamendu Mekaniko Biologikoa ematea proposatu dute, horretarako planta berezian. Tratamendu hori egin ostean, 25.000 tona errefus besterik ez lirateke geldituko, eta hura, “inerteentzako ondo prestatutako biltegietan” utzita, nahikoa litzateke.
Beraien proposamena babesteko, martxoaren 25ean 17:00etan errauste plantaren kontra Anoetatik Bulebarreraino egingo duten manifestazioan parte hartzera dei egin diete herritarrei.