Metro igarobidea eraikitzeko dirua Jaurlaritzaren aurrekontuetatik kentzeko eskatu dute
Eusko Legebiltzarreko talde guztiei luzatu die eskaera Satorralaia mugimenduak.
Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontuen proiektuan Donostiako metroaren igarobibidea eraikitzeko diru zatia gorde du. Erabaki hori bertan behera uzteko eskatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak, eta legebiltzarreko talde guztiei luzatu die eskaera hori.
Ohar baten bidez zehaztu dute, Jaurlaritzak metro igarobidearen obra hasteko 4’715 milioi euroko diru zatia definitu duela, eta datozen lau urteetan aurreikusten dituen “Aurrerako konpromisoak” beste 177 milioi direla.
Satorralaia mugimenduaren ustez, erabaki horrek ez dio obra horren premiari erantzuten. Hori dela eta, legebiltzarreko taldeei eskatu diete aurrekontuen negoziazioan egitasmo horri bideratu nahi dioten diru kopurua kentzeko.
Asmo horiek salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzan eta legebiltzarrean. Era berean, 8.916 donostiarren sinaduraren kopiarekin batera idatzi bat aurkeztuko dute, Arantxa Tapia buru duen Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailari erantzun bat eman dezala eskatzeko.