Sara Majarenasen eta haren alabaren etxeratzea eskatzeko ekitaldia egingo dute Intxaurrondon
Intxaurrondoko Sara Majarenasen eta haren alabaren etxeratzea eskatzeko ekitaldia egingo dute martxoaren 16an 17:30etan auzoan, ama-alabak etxeratzearen aldeko plataformak deituta.
Majarenas eta haren alaba, Izar, batera egotea urratsa bada ere, ez dela nahikoa azaldu zuten plataformako kideek Donostian egindako agerraldian: “Berriz ere zigortzen ari dira umea. Berriz ere bera da biktima. Donostian behar du, bere familiarekin, bere giroan”.
Hilabete hasieran zigorra malgutu zioten Majarenasi, eta Izar alabarekin batera zaintza zentro batean egotea baimendu zioten. Hala ere, presoaren amak salatu du orain arte egunean hiru orduz ateratzen zirela eta, atzoz geroztik “24 orduz itxita” dituztela biak, inora irteteko baimenik gabe. Hori dela eta, haurrak “bere ingurune afektibo eta kulturalean” behar duela aldarrikatzeko, ekitaldi bat antolatu dute datorren ostegunerako, Intxaurrondo auzoan. Ekitaldia guraso eta haurrentzat da, eta 17:30ean egingo da, Sagastiederren.