Aurten, 25 urte beteko ditu Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Aldarrikapen, mobilizazio eta jarduera asko egin dituzte mende laurdenez; eta, hemendik aurrera ere, hala jarraitu nahi dute.

Xabier Rubio, Haritzalde Naturzaleen elkarteko kidea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Mende laurdena beteko du aurten Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. 1992an sortu zen gaur egun Haritzalde bezala ezagutzen dugun talde ekologista, nahiz eta 1991n hasi zen ernatzen. “1991n zuhaitzak moztu nahi zituzten Egiako parkean. Ni orduan biologia ikasten ari nintzen bigarren urtean, eta lagun batek esan zidan ea irratira lagunduko nion zuhaitz mozketa hura salatzera”, azaldu du Xabier Rubio Haritzaldeko kideak. Irratiko salaketa hark uste zutena baino oihartzun handiagoa izan zuen: “Irratiko salaketaren ostean, biologiako azken mailan zeuden bi ikasle jarri ziren gurekin harremanetan eta mugimendu bat sortu genuen Egiako parkeko zuhaitzen inguruan”. Rubiok azaldu du hori izan zela Haritzalderen “enbrioia”, baina oraindik ez zutela talde bat izateko asmorik.
1992an hartu zuen Haritzalde Naturzaleen Elkarteak talde izaera, eta horregatik ospatuko dute aurten 25. urteurrena. “Beste gai batzuk jorratzen ere hasi ginen, eta horregatik pentsatu genuen talde bat sortzea”. Hasierako talde hark Donostiako Parkeen Lagunak zuen izena eta haritz hosto bat zen beraien ikurra. Garai horietan, Urumeako kanalizazioaren eta beste zenbait gairen bueltan aritu zirela azaldu du Rubiok. 1997ra arte, modu antolatuan aritu ziren lanean, baina formalizatu gabe: “1997an ikusi genuen natur talde bat sortzeko gogoa genuela, eta legeztatzea erabaki genuen». Orduan, izena aldatu eta Donostiako Parkeen Lagunak izatetik Parkeen Lagunak Haritzalde izatera igaro ziren; gerora, Haritzalde Naturzaleen elkartea izango zena.
1997an gutxi batzuk hasi baziren ere, laster batu zitzaizkien beste hainbat lagun. Hegoaldeko zuhaitz igela babesteko egindako lanak mediatikoki indar handia eduki zuela azaldu du Rubiok. “Galtzeko zorian zegoen igel bat arriskuan egon zen Gurelesako urtegia kendu eta bertan industriagune bat egin nahi zutelako; beste hainbat putzu ere desagertu ziren eta igelak babesteko kanpaina bat abiarazi genuen”, azaldu du. Haritzalde Naturzaleen elkarteak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean egoeraren analisia egin zuten: “Igelen %85 urtegi horretan bizi zela ikusi genuen”. Ondorioz, akordio batera iritsi ziren natur taldea, Aranzadi, Gipuzkoako Foru Aldundia eta eraikuntza enpresa. “Urtebete gehiago mantendu zuten urtegia eta bitarte horretan igelentzako putzu gehiago egin zituzten. Ez zen guk nahi genuena, baina gutxienez igelek bizirautea lortu zuten”, azaldu du Rubiok. Aldarrikapen horrek edukitako oihartzunak ezagun egin zituela uste du. Horrez gain, beste hainbat borrokak ere mediatikoki oihartzun handia izan zutela azaldu du Rubiok; Errotaburuko ezki zuhaitzen defentsan bizilagunekin batera egindako lanak, esaterako.
Ingurumenari begira
Beti hiriko zuhaitzak defendatzen eta beraien garrantzia aldarrikatzen aritu direla azaldu du Haritzaldeko kideak: “Gure helburua inguru naturala hobeto ezagutzea eta kontserbazioa bultzatzea da”. Aldarrikapena, salaketa eta sentsibilizazioa uztartu nahi dituzte. Horretarako, hainbat jarduera egiten dituzte: “Zuhaitz eguna, umeentzat ikastaroak eta irteerak, adibidez”.
Hogeita bost urte hauetan hainbat jarduera eta aldarrikapen egin ditu natur taldeak eta aurrerantzean ere horrela jarraitu nahi dute: “Egiako parkearen eta Urumearen kontserbazioarekin jarraitu nahi dugu”. Aurtengo erronketako bat Urumearen baloreak ikusarazten eta defendatzen jarraitzea dela esan du: “Kontxa oso polita da eta zaindu behar dugu, baina garrantzitsua iruditzen zaigu Urumea ere zaintzea; horregatik, Urumea izango da ardatza urteurrenean. Dena den, gure kostaldeari ere garrantzi handia emango diogu”.
Atzera begira jarrita, balorazio ona egiten du Rubiok, nahiz eta gazteen beharra nabaritzen duen: “Uste dut zahartzen ari garela eta gazteak behar ditugula”. Teknologiaren aurrerapenak talde dinamikan eragin duela uste du eta baita taldean bost gazte berri sartu izanak ere:?”Orain dela bost urte sartu ziren gazte batzuk; webgunea berritu zuten eta sare sozialetan ere bagaude orain”. Hala ere, ezkor dago gizartearekin, uste du gero eta sentsibilizazio eta konpromiso gutxiago dagoela. Une honetan 300 bazkide ditu Haritzaldek, baina Rubiok uste du beharrezkoa dela aktibatuta egongo den jende gehiago egotea. Dena den, azaldu du urte hauetako lana ez dela alferrik izan: “Garrantzi ematen diot egiten dugun lanari, askotan ez ditugu gure helburuak lortzen, baina jendeak gure aldarrikapenak ikusten ditu, eta, askotan, politikoei eta teknikariei zer pentsatua ematen diegu”. Egiako parkeko zuhaitzak babesteko mugimendua hasi zutenean ezezagun batek esandako hitzak gogoratu ditu: “Zuek erein, eta zerbait jasoko duzue”. Eta hori egiten dute orain: “Erein egiten dugu, gero gutxien espero dugunean zerbait jasoko dugulakoan”.
2017an urteurrena ospatzeko tartea hartuko badute ere, aldarrikapenekin, salaketekin eta sentsibilizazioarekin jarraitzeko asmoa du Haritzalde Naturzaleen elkarteak: “Esaterako, hor daukagu Belartzaren kasua. Iruditzen zaigu hiriari konpromisoa falta zaiola geratzen zaizkion berdegune apurrak babesteko”. Dena den, hartuko dute festarako tartea ere, eta euren neurrira egindako jaia antolatu nahi dute. Besteak beste, martxoaren 18an, hogeitabatgarren aldiz ospatuko dute Zuhaitz eguna, Ametzagaina parkean zuhaitzak landatuz.