(Argazkia: Twitter @lucaseguibar)
Munduko Snowboardercross Txapelketan bigarren postua lortzea ez da nolanahiko lorpena. Horraino iristeko, etengabe eta gogor entrenatu behar izan du Lucas Egibarrek (Igeldo, 1994), baina botatako izerdiak merezi izan dio. Finala igandean jokatu zuen, eta Pierre Vaultier frantziarraren atzetik helmugaratu zen; atzetik gertu zuen Alex Pullin australiarra, baina aurrea hartu zion Igeldokoak.
Ibilbide oparoa osatzen ari da Egibar: gazte mailako munduko txapeldun izan zen 2013an; olinpiar diploma lortu zuen 2014an, eta Munduko Kopa irabazi zuen 2015ean. Orain, 2018ko Hego Koreako neguko Olinpiar Jokoak ditu buruan.