Bertso pilota bira egingo dute Argentinan
Euskal etxeetan eskainiko dituzte emanaldiak, apirilaren 8tik 23ra.
Bi bertsolari, lau pilotari eta aurkezle bat. Zazpiak prest daude Bertso pilota emanaldia Argentinara eramateko. Buenos Aires, La Plata, Necochea, Bahia Blanca, Viedma eta Rosario bisitatuko dituzte apirilaren 8tik 23ra. Zazpikoa, berriz, ondorengoek osatzen dute: Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariak, Iker Urmeneta, Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Eneko Aizpitarte pilotariak, eta Ekain Ormazabal aurkezlea.
Duela lau urte hasi ziren Bertso pilota emanaldia eskaintzen, eta lehen aldia da Euskal Herritik kanpora eramango dutena. IRUTXULOKO HITZAk Urmeneta eta Gaztelumendirekin hitz egiteko aukera izan du, eta biraren inguruko xehetasunak ostiraleko astekarian irakurri ahal izango dira.
Hain zuzen ere, ostiralean, hilak 17, Argentinako biraren aurkezpen festa egingo dute Antiguako frontoian (19:00). Doka Kafe Antzokiaren 10. urteurrenarekin bat eginez, saio berezia eskainiko dute. Binakako bi pilota partida egingo dituzte: Ozaeta eta Alex Les, Merino eta Erauntzetaren kontra; eta Fernandez II eta Ortiz de Urbina, Urmeneta eta Aizpitarteren aurka. Gaztelumendi eta Iguaran bertsolariek osatuko dute emanaldia. Eta noski, Ormazabalek egingo ditu aurkezle lanak. Taberna, apustuak egiteko aukera, musika eta sariak ez dira faltako.