
Protesta egiteko zintzilikatu da Bulebarrean. (Argazkia: GKE)
Kale ekintza sinboliko eta deigarri bat egin dute Gobenuz Kanpoko Erakundeek munduko hainbat txokotan
giza eskubideak eta pertsonen duinasuna defendatzen jarraitzeko egin behar dituzten ahaleginak irudikatzeko. Akrobata bat zintzilikatu da Bulebarrean,
Gure elkartasuna, guztion garapena lemapean.
EAEko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinakundeak, 2017rako bideratu dituzten partiden urteko balorazioa aurkeztu du. “Hainbat urtez murrizketak eta egokitzapenak egin ondoren, 2017an zenbait erakundetan aurrerapauso txikiak egin dira lankidetzako politiketan; alabaina, politika horiek geldirik daude oraindik ere, eta ez dago susperraldiaren arrasto argirik” azaldu dute.
Gaineratu dute ez dagoela politika horiek ziurtatzeko borondate politikorik; eta horren ondorioz, “politikak ahulak eta ezegonkorrak” direla.
“Kezkatu egiten gaitu aurreko urteetako murrizketek eragindako geldialdi historikoa ezohikoa edo aldi baterakoa ez izateak, giza eskubideetan aurrera edo atzera egiteak guztioi eragiten digu eta, aurrerakada edo atzerakada horiek munduko edozein tokitan izanik ere”, azaldu dute.
Mundu globalizatu batean bizi garenez, arazo guztiak elkarri loturik daudela azaldu dute.
Uste dute erakundeek eta alderdien erantzunkizunak eta konpromisoak izan behar dituztela pertsonekin eta hain eskubideekin. Duela gutxi, Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako Helburuak onartu dituzte: “Iritsi da garaia Nazio Batuek berretsitako % 0,7aren helburua betetzen ahalegintzeko; izan ere, legeak hala eskatzen du, eta, gainera, bidezkoa eta morala ere bada”.
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako aldundiek eta hurbileko udalek sustatzen duten lankidetzaren bitartez, herritarrak mundu osoko garapen erronketara hurbil daitezkeela uste dute: “Guztion ongizatea oinarri hartuta, tokian tokitik mundu osoan eragina izan dezakegu, eta alderantziz”.
Donostiako Udalaren kasuan lankidetzarako partidetan gorakada kuantitatibo txiki bat gertatu dela azaldu dute, baina salatu dute % 0,44an jarraitzen duela, 2016an bezalaxe.