Protesta egin dute Gasteizen. (Argazkia: Malen Aldalur)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu gaur Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren aurrean, bertan, metroa gelditzeko eskatu dute. Satorralaiako kideez gain, Donostiako hainbat bizilagun eta Dbus-eko KURPIL eta LABeko langile talde handi bat ere elkartu direla azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzan egin dute leheneno geldialdia, herritarren partaidetzarako bideak sistematikoki ixten ari direla salatzeko: “8.928 donostiarren sinadura entregatu ditugu, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuari zuzendutako idatzi batekin lagunduta, hain zuzen ere metroaren proiektua gelditzeko eta Donostiak behar duen garraio publikoko ereduaren inguruan prozesu parte hartzaile bat irekitzeko egin diren eskaerei erantzun bat eman dezala exijitzeko” . Izan ere, salatu dute Jaurlaritzak ez dietela orain arte inolako erantzunik eman proiektua gelditzeko eta herritarren partehartzeari bideak irekitzeko egin diren eskaerei.
Bigarren geldialdia, berriz, Legebiltzarrean egin dute, bertan, Jaurlaritzak 2017. urteko aurrekontuetan Donostiako metroaren egitasmorako sartu dituen diru-partidak kentzea eskatu dute bertan: “Donostiako metroari bideratu nahi zaizkion dirutza horiek –batetik 4’7 milioi euro dira aurten obrak hasteko, eta bestetik 177 milioi konprometitzen ditu datozen lau urteetarako- ez diote gure ustez obra horrek lukeen premiari edo urjentziari erantzuten”.
Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduko talde parlamentarietako zenbait ordezkari elkarratetaratzera bildu direla azaldu dute eta eskaerarekin bat eginez metroaren proiekturako bideratu nahi diren diru-partidak kentzea eskatzeko emendakinak sartuko dituztela azaldu dute.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak datorren astean Donostiako auzoetan informazio banaketa astea antolatu du eta a
pirilaren 1ean manifestazioa egingo dute.