Kiroldegiaren obren bueltan, amiantoz kutsatutako lurrak agertu ziren duela hilabeteak, eta plataforma bat sortu dute altzatarrek, gertaerez informatuta egoteko.
Eraikin zaharra eraitsi zuten, ingurua hesitua dago, eta obrak geldirik daude momentuz. (Argazkia: E. Zabala)
Altzan kezkatuak daude, kiroldegiaren afera dela eta. Udalaren aldetik ez dutela informaziorik jasotzen salatu dute, eta egoera argitze aldera, batu eta plataforma bat sortu dute:?Altza Osasuntsuagoaren aldeko Herritarren Plataforma. «Pentsamolde askotako bizilagunak elkartu gara, eta jendeak duen borrokatzeko gogoa izugarria da. Azken portua sentitu gara maiz udalarentzako, eta uste dut oraingoan goia jo dugula», azaldu dio plataformako kide Zigor Etxeburuak Irutxuloko Hitzari. Hainbat auzo elkarte, gizarte eragile eta norbanako elkartu dira, eta orain arteko bileretan, 20 ordezkari inguru egon direla dio Etxeburuak. «Amiantoa agertzearekin batera, bazterrak nahastu ziren, eta kezka sortu zitzaigun. Alkateak bilkura bat egin zuen Altzako elkarteekin, bi egun lehenago deituta, eta erabiltzaile asko hortik kanpo geratu ginen. Gero, erabiltzaileen talde bat sinadurak biltzen hasi zen kiroldegian; Oleta eskolakoek hitzaldi bat egin zuten Uzkudun adituarekin, eta, ondoren, auzo elkarteak batu ziren». Horrela, guztien artean, azkenean plataforma osatu zuten urtarrilean.
Bilera bat lortu dute
Eskaera egin ostean, udalak baieztatu die martxoaren 22an bilera bat egingo duela, 19:00etan, Tomasene kultur etxean. Etxeburuaren hitzetan, jende ugari biltzea aurreikusten dute: «Interesa du jendeak eta bolo-bolo dabil gaia. Itxura duenez, txiki geratuko zaigu aretoa».
Hiru gai berehala argitzea nahi du plataformak: kiroldegia eraikitzeko epeak, amiantoz kutsatutako eremuen eragina eta etorkizuna, eta irtenbidea ematea erabiltzaileen ezinegonari. «Jendea sutua dago, eta ikusten dugu udalak komunikabide baten bidez zabaltzen duela informazioa, zabaltzen duenean, eta herritarrak ez ditu informatu. Gutun bat iritsi zitzaigun etxebizitza guztietara, baina ezer gutxi dio, eta guk informazioa eta partehartzea eskatzen ditugu. Kaltetu zuzenak gara, eta ez dakigu ezer ere azterketetaz. Gure osasunarekin eta bizi kalitatearekin jolasten ari dira».
Momentu honetan, eraikina eraitsita dago: «Hor dauden lurrek, dagoeneko kutsatuak omen daudenak, zein irtenbide dute? hor utziko badituzte, nola segurtatuko dituzte? Irabazi alderdia ere aurreko astean kexatu egin zen obren ingurua, ez naiz harritzen».
Kiroldegiak urteetan erabiltzaile asko izan dituela gogoratu du Etxeburuak: «Zahar, heldu eta gazteek erabili dugu, eta, orain, ez daukagu baliabiderik. Gainera, ez dakigu zein asmo duen udalak. Jende askok baja eman du, ez duelako kiroldegi berria gertu ikusten, eta mugitzeko arazoak dituelako». Zalantzan jartzen dute kiroldegi berriaren eraikuntza: «Badakigu udaleko batzordean Donostia Kirola ez dagoela, orduan, kiroldegia egingo dugun ere ez dakigu».
Etxeburuak dio hiru lur eremu daudela: kiroldegia zegoen lekua (2005etik Jaurlaritzaren mapan lur kutsatu gisa izendatua); eta Oleta ikastetxearen albo banatan, beste bi zati, baina ofizialki izendatu gabeak. «Kiroldegia zegoen lekuan dago susmagarritzat identifikatutako lur zatia, eta eraitsi, lurra mugitu, eta agerian utzi dute dena; kezkatuak gaude. Gainera, etxebizitza bat dago gertu; hautsa altxatzen bada, amiantoa zabalduko da? Ez gaude informatuak eta jendearen galderak sortzen zaizkio, ez dugu alarma sortu nahi, informazioa jaso nahi dugu».
Ingurumen sailak esandakoa ari da betetzen udala
Donostiako Udala obra tentuz eta poliki egiten ari da Irutxuloko Hitzak jakin ahal izan duenez. Amiantoz kutsatutako lurrak agertu zirenetik, hasierako obren asmoa aldatu egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak emandako aginduak betetzen ari da udala.
Asteazken arratsaldean bertan, bilera bat egin zuten udal ordezkariek, Osalaneko eta Ingurumen saileko kideekin. Batzar horretan adostutakoaren arabera, aurreikusi dute kutsatutako lurrak guztiz estaliak egotea Aste Santurako. Manta edo olana berezi bat jarriko dute, lurrak ahalik eta hoberen babesteko. Gerora, ez dakite bigarren kapa bat jarri beharko duten, segurtasuna oraindik gehiago ziurtatzeko.
Udalak ziurtatzen du ahal duen guztia egingo duela herritarren eta langileen osasuna babesteko eta arriskurik ez egoteko. Horregatik, tentuz jokatu nahi du, eta pauso txikiak baino ziurrak eman.
Bien bitartean, bai airearen bai lurraren laginak hartzen jarraituko dute, kutsadurarik badagoen jakiteko. Udalaren arabera, orain arte hartutako aireko laginek ez dute kutsadura seinalerik eman. Hala ere, lanean jarraituko dutela diote, eta egindakoaren berri emango dietela bizilagunei, erabakiak hartu ahala.