Hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina abian jarri du Bagera elkarteak
Donostiako Bagera Elkarteak #bageralakonor Donostian bizi euskaraz kanpaina abian jarri du. Hizkuntza eskubideen urraketen berri ematera animatu nahi ditu herritarrak: “Egunerokoan zaila egiten zaigu euskaraz bizitzea. Eta asko gara euskaraz bizi nahi dugunak. Hala ere, urteetako borrokei esker lortu dira egun euskara bermatzeko hainbat arau eta lege. Horregatik, euskaldunon eskubideak berma daitezen, komeni zaigu jakitea zein diren alde ditugun lege eta arau horiek”.
Urraketen zuzentzea eta arauak betearaztea udalarena da, baina hutsuneak nabariak direnez herritarrak aktibatzeko deia egin du: “Herritarron ardura da ere urraketa horien berri eman eta salaketak egitea”. Hizkuntza eskubideak errespetatzeko arauak zeintzuk diren jakinarazi eta administrazioaren hutsune horien berri eman nahi du elkarteak.
Nola eman daiteke urraketa hauen berri? Udaleko bulegoetan, kexa orria erregistratuz. Sakelakoan, Akuilari aplikazioaren bidez. Bagera Elkartean, Hernani kaleko 15. zenbakian duten egoitzan, 943005074 telefono zenbakian edo bagera@bagera.eus helbidera idatziz.