Sindikatuen arabera, hezkuntza publikoko langileen %75ak bat egin du grebarekin.
Manifestazioa egin dute, Bulebarretik abiatuta. (Argazkia: Lide Ferreira)
Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean, kalera irten dira gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako langileak.
ELAk, LABek eta Steilasek deituta, Donostian,
Bulebarretik irten da manifestazioa, eta erdialdeko kaleak zeharkatu ditu. Sindikatuak pozik agertu dira greba izaten ari den jarraipenagatik. Euren arabera,
%75eko erantzuna izaten ari da greba; Jaurlaritzaren arabera, %48,91koa.
LABeko ordezkari Maialen Aranburu pozik agertu da grebak izaten ari den jarraipenarekin: “Oso larria da hezkuntza publikoaren egoera. Azken urteotan eman diren murrizketen ondorioz,
negoziazio kolektiborako eskubidea urratu zaigulako guztiz eta lan baldintzak geroz eta okerragoak direlako. Gaur bildu gara uste dugulako konfrontazio fase batera pasa behar dugula, eta egoera honi guztiz buelta eman behar zaiola. Beharrezkoa da negoziazio kolektiboa berreskuratzea, lan baldintzazk hobetzea eta LOMCE eta Heziberri planei planto egitea. Eusko Jaurlaritzak politika hauek aldatzen ez dituen bitartean, greba eta mobilizazioak areagotuko ditugu”.
LABeko Maider Izagirrek zoriondu eta eskeru du hezkuntza komunitate osoa jarraipena eta konpromisoagatik. “Azken bi asteotan aukera izan dugu eskoletatik pasatzeko, eta oso aberasgarria izan da harremanak estutzeko. Halere, tamalez, berriro ikusi dugu prekarietatea badagoela eta
baldintzak ez direla egokiak“. Hori dela eta, ELAko ordezkariak aipatutako eskaerak luzatu dizkio administrazioari, “hezkuntzan inbertsioa igoz gero, kalitatea bermatzeko aukera izango dutelako”.
Steilaseko Eider Berazadiren arabera, hezkuntza publikoak baldintza eta balio batzuk izan behar ditu; tartean, doakoa, inklusiboa, hezitzailea eta anitza: “Hori da gure oinarria eta bide horretan egingo dugu apustu. Politika neoliberalak ez ditugu nahi.
LOMCE eta Heziberri bezalakoek hezkuntza lan merkatua asetzera bideratzen dute, baina gure lana askoz ere osoagoa da, eta horren aurrean tinko eutsio diogu“.