Argiak itzaliko dituzte larunbatean klima aldaketari aurre egiteko
60 minutuko tartean Donostiako eraikin eta leku adierazgarrienetan argiak itzaliko dituztela jakinarazi du udalak. Horrela, Planetaren Orduarekin bat egin nahi dute.
20:30etatik 21:30etara argi guztiak itzaliko dira larunbatean hiriko hainbat lekutan: besteak beste, Kontxako badian, Santa Klara uhartean, Urgull mendian, udalean, Miramar Jauregian, Artzain Onaren katedralean edo San Telmo Museoan.
Gobernu Batzordeak Donostia Klima Aldaketara Egokitzeko Plana onetsiko du datorren asteartean; horren barruan 31 ekintza daude gerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko: esaterako, itsas, euri eta ibaietako uholdeei, edo tenperatura gehiegi igotzeagatik pertsonek eta inguruak jasan ditzaketen ondorioei aurre egiteko.
Planetaren Ordua
“Planetaren Ordua mundu osoan egiten den ekitaldi bat da eta World Wide Fund for Nature (WWF) erakundeak sustatzen du, 2007tik urtero egiten da, martxoan, eta nahita egindako itzalketa elektriko bat izaten da; administrazioei, etxeei eta enpresei argiak eta bestelako tresna elektrikoak ordubetez itzali ditzatela eskatzen zaie”, azaldu dute.
Gutxi gorabehera 160 herrialdetako 7.000 hiri eta herri baino gehiagok hartuko dute parte.