Hilabete honetan lanean ari dira birzikleteroa osatzeko. (Argazkia: Egia Bide Segurua)
Bide Segurua proiektua abiatu zuten Egiako hainbat gurasok, duela bi urte. Aitor ikastolako hainbat gurasoren elkarlanari esker abiatu zen egitasmoa, eta, 2015ean, auzotik seguruago ibiltzeko bideak margotu zituzten, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek beraiek, baita Maria Reina eskolakoek ere. Gerora, jarduera gehiago egin dituzte, eta aurtengo Olatu Talkarako erronka berria jarri dute: Birzikleteroak.
Haurrak ikastolara bizikletaz joatea bultzatu nahi dute, eta, horretarako, Aitor ikastolaren bi eraikinetan bizikletentzako aparkalekuak jarriko dituzte.
Aparkalekuak eraikitzeko, Tabakalerako Hirikilabs taldearen laguntza izaten ari dira. Horrela, asteazkenero biltzen ari dira, 17:30etik 19:00etara, elkarlanean Birzikleteroak osatzeko. Gainera, arduradunek diote zabalik daudela interesa duen edonor jasotzeko.
Konkorreneako eraikinerako, autoen gurpilak birziklatuz egingo dituzte aparkalekuak. Ametzagaina kaleko eraikinean, berriz, bizikleten koadroekin egindako aparkalekuak kokatuko dituzte.
Aurtengo Olatu Talka jaialdiaren barnean aurkeztuko dituzte Birzikleteroak. Maiatzaren 20an, larunbatean, ikusgai jarriko dituzte egindako lanak Tejeria kalean. Aldi berean, egindako lanaren inguruko azalpenak egingo dituzte.