Euskara Batzordeko kideak, kultur etxean. (Argazkia: Loiolako Euskara Batzordea)
Euskara Batzordea sortu berri dute Loiolan, beste auzo batzuetako bideari jarraituz. Auzoko hainbat eragile, elkarte eta talderen ordezkariak biltzen ditu batzordeak: Ander Edo (Sustrai aisialdi taldea), Eder Pikaza (La Salle ikastetxea), Javi Garmendia (Loiolatarra elkartea), Jon Urbieta (kultur etxea), Mikel Pascual (Hontza elkartea), Olatz Mujika (gurasoen ordezkari) eta Periko Alkain (Ibaiertz abesbatza). Edonola, zabalik daude interesa duten elkarte gehiagotako kideak edo norbanakoak jasotzeko.
Azken batean, sarea osatu nahi dute, auzoan euskara zabaltzeko. Uste baino gehiagok dakitelako euskaraz Loiolan, eta kalean gehiago entzun beharko litzatekeela irizten dute.
Dagoeneko egin dituzte bilera pare bat Bagerako eta Euskara patronatuko ordezkariekin batera. Horrela, auzoan euskarak duen egoera ikusi dute. «Urtean baditugu nahikoa jarduera euskaraz, eta, orain, haurrentzako Parketarrak gehitu dugu. Egiten ditugun jarduerak zaindu behar ditugu, gehiago antolatu beharrik gabe, eta jende gehiagorengana iritsi», azaldu du Jon Urbietak.
Momentuz, behintzat, batzordeak ez du maiztasun handiarekin biltzeko asmorik, izan ere, maiz egiten dituzte talde txikitan bilerak, auzorako hainbat kontu antolatzeko.