Hamahiru haur eskola ditu Donostiak
Aietekoa da irekitu duten azkena, eta 21 plaza ditu.
Aietekoarekin, hamahiru dira Donostiak dituen haur eskolak. Urtarrilean ireki zuten Aietekoa, eta Azkaratene eraikineko solairuan dago. Bi unitate ditu eta 21 haurrentzako tokia eskaintzen du; 0 eta 1 urte bitartekoentzako 8 plaza, eta 1 eta 2 urtekoentzako 13.
Aieteko auzotarrei zerbitzua eskaintzen dien haur eskola berrian izan dira Miren Azkarate Hezkuntza zinegotzia, Maite Larrañaga Haurreskola Partzuergoko zuzendaria eta Gema Gonzalez-Txabarri Eusko Jaurlaritzako ordezkaria. Haur eskola Azkarateneko eraikinean ireki dute, Aieteko Ikastetxeak erabiltzen duen solairua hustu ondoren. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin eta Haurreskola Partzuergoarekin sinatutako hitzarmenaren harian, beheko solairua haur eskolari bost urtez utzi dio.