20. Korrika ospatuko da aurten, eta hainbat donostiar aterako dira lekukoaren atzetik euskararen alde lasterka. Zirraraz eta ilusioz bizi dute euskaltzaleek Korrika Donostiara iristen den unea.
‘Ttipi-ttapa ttipi-ttapa Korrika!’ esan bitartean saltoka eta arnas estuka joango dira ehunka herritar lekukoaren atzetik. Bi urtetik behin euskararen alde kaleak hartu eta Korrikan parte hartzeko aukera zirraraz eta ilusioz bizi dute euskaltzale askok Donostian. Horietako batzuekin hitz egin du irutxuloko hitzak, Korrika nola bizi duten ezagutu eta astearterako zein plan dituzten ezagutzeko asmoz. Nork bere auzoan egingo du korrika kasu gehienetan, eta ia inork ez du galdu nahi lasterka egiteko aukera. Ezin duten horiek bi urte barrura arte itxaron beharko dute.
Itxaso Piquer, Amara Berri: “Indar handia ematen du hainbeste jende ikusteak”
Ilusio handiarekin egiten dut Korrika bi urtetik behin. Harrigarria iruditzen zait leku batean hasi eta beste batean amaitzeko 24 orduz korrika ibiltzea. Agian horregatik da hain hunkigarria Korrika zure herrira, auzora edo kilometrora heltzen den unea. Ahal dudan guztietan atera izan naiz Korrikan eta aurten ere irtengo naiz. Nire asmoa Parte Zaharretik Antiguarainoko tartea egitea da. Indar handia ematen du Korrikan hainbeste jende ikusteak.
Jon Insausti, Parte Zaharra: “Herri hau batzen duen egitasmoetako bat da”
Haur garaietako oroitzapen onak ditut. Gogoan dut ikastolan Euskal Herriko mapa bat izaten genuela, eta bertan ibilbidea marrazten joaten ginela. Orixe ikastolan ibiltzen nintzen eta Korrika hirira iristen zenean Korrika txikia egin ohi genuen, gure ibilbide propioarekin. Lehen goxoagoa zen, orain beste modu batera egiten dut Korrika. Uste dut ondo daudela Korrika bezalako dinamikak; herri hau batzen duen egitasmoetako bat da.
Amaia Illarreta, Intxaurrondo: “Zirrara, ilusioa eta itxaropena sortzen dizkit Korrikak”
Niretzat Korrika beti izan da eta izango da zirrara sortzen duen momentu bat. Aurten gainera bi lekutan egingo dut korrika; Intxaurrondon, nire auzoan, eta Oreretan, lana egiten dudan lekuan. Zorionez, behin lekukoa eramateko ohorea izan nuen eta niretzat une garrantzitsu bat izan zen. Korrikak, zirrara, ilusioa eta itxaropena sortzen dizkit. Gainera, azken urteetan azken mezua ere gustatu zait, esaterako lehengo urtean Lorea Agirrek irakurri zuena.
Eneko Sanchez, Loiola: “Egunerokoan euskaraz egitea da gakoa”
Aurten nahiko gaizki tokatzen da Korrika. Donostiatik astearte batez pasatzen da eta lanean harrapatuko nau. Beste urtetan beti atera izan naiz auzoan Korrika egitera eta umeekin jarduerak egin izan ohi ditugu. Egun polita da, baina pena ematen dit oraindik ere euskara bultzatzeko halako jarduerak egon behar izateak. Dena den, uste dut gakoa egunerokoan euskaraz egitea dela;?bakoitzak norbere esku dagoena egin behar du euskaraz bizitzeko.
Garazi Castaño: Altza: “Altzan korrika egiteak zirrara sortzen dit”
Ilusio handiarekin bizi dut Korrika. Altzan ez da erraza izaten bizimodu osoa euskaraz egitea. Hala ere, egia da azken bi urteetan nabaritu dudala aldaketa txiki bat, eta gero eta euskara gehiago entzuten da kalean. Hori dela eta, Altzan korrika egiteak zirrara handia sortzen dit. Euskara eta euskal komunitatea aitortzen ditu Korrikak, eta batasun fisiko bat irudikatzen dela iruditzen zait. Uste dut korrikak hizkuntza mugikorra irudikatzen duela.
Felix Arrieta, Parte Zaharra: “Korrikak Kontzientziazioa lantzen du”
Niretzat Korrika txikitatik presente egon den egitasmo bat da. Euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko festa bat da Korrika; euskararen aldeko borrokan ezinbestekoa. Azken urteetan Deustuko Unibertsitateak erosten duen Kilometroan egin izan dut Korrika, eta aurten ere hala egingo dut; gero ahal dudan beste jarraituko dut hirian barrena. Lan handia egiten du Korrikak euskaraz hitz egiteko kontzientziazioan.
Oihana Hermoso: “Euskararen alde lanean jarraitzeko gogoa ematen dit”
Txikitatik parte hartu izan dut Korrikan, eta zirraragarria iruditu izan zait beti horrenbeste auzo eta jende Korrika ikustea. Orain dela bi urte ezin izan nuen Korrika egin, eta aurten ere ezin izango dut. Egia esan pena handia ematen dit, izan ere, aurten lehenengo aldiz Donostiako Piratekin batera egin nahi nuen korrika. Uste dut Korrika bezalako egitasmoak garrantzitsuak direla; Korrikak euskararen alde lanean jarraitzeko gogoa ematen dit.
Felipe Juaristi: “Erakundeek egiten duten lana ezinbestekoa da”
Iruditzen zait Korrika bezalako egitasmoak ondo daudela, eta jende askok hartzen duela parte borondatez, horrek euskalduntze prozesuan eragina izango duela pentsatuta. Nik ere ahal dudan guztian laguntzen dut eta ondo iruditzen zait halakoak egitea. Hala ere, askotan iruditzen zait gehiegi baloratzen dela Korrika eta gutxiegi erakundeetatik egiten den lana. Iruditzen zait erakundeek egiten duten lana ezinbestekoa dela.
Jon Basurto, Ibaeta: “Euskara sustatzeko oso egitasmo polita iruditzen zait”
Euskara sustatzeko oso egitasmo polita eta ikusgarria iruditzen zait. Izan ere, Korrikan antzeko beste egitasmoetan parte hartzen ez duen jende askok hartzen du parte, eta hori oso aberasgarria da. Aurten Donostiako Piratekin egingo dut Korrika eta urtero bezala gogo askorekin nago. Uste dut euskararen egoera nolakoa den ikusita, oraindik beharrezkoak direla Korrika moduko dinamikak eta, agian, horrelako gehiago ere bai.
Nerea Redondo, Egia: “Egunerokoan egiten dugun lana ospatzeko jai bat da”
Niretzat Korrika egunerokotasunean egiten dugu lana ospatzeko jai handi bat da. Egunero euskararen alde gauza pila bat egiten dira, jende pila batek bere burua euskaldundu du, eta horretarako, dedikazioa, denbora eta ilusioa ezinbestekoak dira. Korrika horren guztiaren batura da. Aurten auzoan hartuko dut parte asteartean eta larunbatean Nafarroan egingo dut Korrika. Egiako lagun talde batek bertan erosi dugu kilometroa.
Josune Otxotorena, Martutene: “Bi urtetik behin datorren olatutxoa da Korrika”
Bi urtetik behin datorren olatutxoa da Korrika. Gero olatuaren aparra geratzen da eta horrek pixka bat zipriztintzea espero dugu. Aurten ere egingo dut Korrika, baina ez dakit non. Bihar saiatuko naiz Nafarroa aldera joaten ea han Korrika harrapatzen dugun; gero lanean ere erosi nahi dugu kilometro erdi bat edo; eta bestela, Martutenen egingo dut korrika beti bezala. Aipatzekoa da Korrika auzora sartzeko antolatzaileek egiten duten ahalegina.
Jokin Sarasola, Amara: “Ilusio handiarekin eraman nuen lekukoa”
Orain dela urte asko Bagera euskaltzaleen elkarteko kideek ni aukeratu ninduten lekukoa eramateko. Antiguako tunelaren hasieran hartu nuen eta amaieran beste bati pasa nion. Oso pozik hartu nuen eman zidaten aukera eta ilusio handiarekin eraman nuen lekukoa. Asko gustatzen zaidan egitasmo bat da, eta oso garrantzitsua iruditzen zait, euskararen alde egiten diren gainerako egitasmoak bezala. Mintzalaguna izan naiz 20 urtez,
Lola Boluda, Egia: “Korrika aldarrikapena eta festa da”
Korrika aldarrikapena eta festa da. Egunerokoan euskararen alde egiten den lana ospatzeko eta, gero eta euskara gehiago hitz egiten dela ospatzeko festa da. Ni Valentziakoa naiz eta Ongietorri taldean nago. Gure taldetik Honduraseko eta Indiako bi familiek eramango dute lekukoa eta nik atzetik egingo dut Korrika. Valentziarra izan arren hemen bizi naiz eta senarra eta haurrak hemengoak ditut. Oso gustura ari naiz euskaraz ikasten.
Kontxita Beitia: “Kilometro bat erosten genuen eta 17 egin”
Bizitzan ilusioa sortzen duen zerbait badago, hori da Korrika niretzat. Beti atera izan gara eta ez unean bizi garen herrian bakarrik, askotan joan izan gara Oriora, Goierrira edo une horretan Korrika dagoen lekura; inoiz Erriberara ere bai. Kilometro bat erosten genuen han eta gero 17 egin, hori da ilusioa genuelako. Aurten bi Korrikatan hartuko dut parte. Izan ere, lehen aldiz zaharren Korrika egingo dugu Hernanin; eta ofizialean omendu egingo naute.
Beñat Mitxelena, Aiete: “Adin guztietako jendearentzako ospakizuna da”
Normalean beti hartzen dut parte Korrikan; emozioa da gehien sentitzen dudana korrika egiterakoan. Orain dela bi urte Amaran hasi nintzen eta bi ordu ibili nintzen korrika, eta hori normalean ez dudala korrika egiten. Ez da ohikoa hainbeste jende ikustea ekitaldi baten eta niri ilusioa handia transmititzen dit horrek. Aurten ere egingo dut korrika baina ez dakit non. Egitasmo oso garrantzitsua iruditzen zait; Korrika adin guztietako jendearentzako ospakizuna da.