Urtebete, 50 ospatzeko
Mende erdi bete du Parte Zaharreko Kresala elkarteak. Gazteentzako bilgune bat behar zela ohartuta ekin zioten egitasmoa sortzeari; egun, zahar, gazte eta helduen elkargunea baino gehiago da.
Kresala elkartearentzat ospakizun urtea da 2017a. Mende erdia betetzen du aurten, eta behar den bezala ospatzeko, urtebetez, hilabetero ekintza bat antolatzen ari dira. Kresala elkarteko zuzendaritzako kideak dira Belen Aizpuru (Gros, 1951), Iñigo Basagoiti (Parte Zaharra, 1979), Jon Manterola (Parte Zaharra, 1961) eta Pako Sexmilo (Erdialdea, 1955).
1967an sortu zen ofizialki gaur egun Kresala elkartea bezala ezagutzen dena. Baina hiru urte lehenago hasi ziren auzoko hainbat lagun bildu eta elkartea sortu ahal izateko lanean:?”Auzoko gazteek biltzeko leku bat nahiz zuten;?bertan elkartu eta gauzak egiteko, eragiteko eta antolatzeko”. Garai horietan Konstituzio plazan biltzen zirela azaldu du Sexmilok. Uste du San Bizente elizako parroko Don Jesus Aldanondoren laguntza handia eduki zutela garai horietan:?”Bera izan zen bultzatzaile nagusietako bat, eta elkartea sortu eta gero ere, beti babestu izan zuen egitasmoa”.
25 urtetik gora daramatzate lauek elkartean eta bat dator esaterakoan gastronomia elkarte bat baino askoz gehiago dela. Izan ere, Kresala elkartea batzorde ugarik osatzen dute: mendi taldea, euskal dantza taldea, hiru danborrada, sukaldea, Camping Caravaning eta Kresala Zinekluba. “Beti egon gara prest gure lokalak beste edozeini uzteko. Auzoan gauzak antolatzeko espazio bat da Kresala, eta edozeinek antolatu ditzake jarduerak, beti ere, irabazi asmorik ez badu”, azaldu du Aizpuruk.
Elkartea oso presente dago lauen bizitzetan; Aizpuru eta Sexmilo dira urte gehien daramatzatenak. “Nik 42 urte daramatzat elkartean. Euskal dantza taldeko kide nintzelako sartu nintzen, eta hemen jarraitzen dut”, azaldu du Sexmilok. Orain elkarteko lehendakaria da. Aizpuruk, berriz, 40 urte daramatza elkartean, eta gaur egun bokal lanak egiten ditu: “Ni nafarra naiz, baina Donostiara etorri nintzen ikastera. Orain nire senarra dena Kresala elkartean ibiltzen zen bere kuadrilla guztia bezala. Orduan hasi nintzen elkartean ibiltzen”.
Manterolak eta Basagoitik mende laurden daramate elkartean. Manterolak gogoan du lagun batzuek esan ziotela giro ederra egoten zela Kresalan, eta horrela hasi zela: “Gero konturatu nintzen egia zela, oso giro polita dagoela elkartean. Lagun asko egin ditut bertan; Kresala elkartean egongo ez banintz gaur egun ez nintzatekeela naizena izango. Basagoitik ere oroitzapen onak ditu elkartean. Bere aurretik bere gurasoak izan ziren bazkide eta elkarteko lau hormen artean hazi da:?«Gurasoek bazkide izateari utzi ziotenean hasi nintzen ni. Baina egia esan beti hartu izan dut parte Kresalan modu batera edo bestera; dantza taldean edo danborradan, adibidez”. Gaur egun, elkarteko idazkaria da Basagoiti eta diru zaina Manterola.
Uste dute Kresala elkartea beti izan dela eragile aktibo bat auzoan. Izan ere, batzordeek antolatutako jarduerez gain, badaude unean uneko ekitaldiak ere: besteak beste, Inude eta artzainak, Santa Ageda, Kaldereroak. Dena den, Sexmilok azaldu du badirela beste jarduera batzuk denboraren poderioz atzean geratu direnak;?esaterako, inauteriak edo garai batean elkartean zuten gazteentzako txokoa.
Ospakizun urtea
Mende erdia behar bezala ospatu nahi dute Kresala elkarteko kideek. Horretarako 2017ko irailera arte, hilabetero. ekintza bat egitea adostu dute. Hala ere, azaldu dute martxoan egin dituztela ekintza esanguratsuenak. Izan ere, 1967ko martxoan sortu zen Kresala eta urtero ospatzen dute Kresala astea martxoan:?”Martxoaren 7an Kresala elkartearen kanpoan plaka bat jarri genuen, eta larunbatean karpa bat muntatu eta bazkaria egin genuen elkartearen kanpo aldean; igandean berriz, hiru danborradak atera ziren eta gero dantzari eta txistulariekin batera plazan elkartu eta bazkari herrikoia egin genuen”.
Orain arte hainbat jarduera egin dituzte; besteak beste, erromeria Urgullen, zuhaitzak landatu, El Mayorazgo de Basterretxea filmaren proiekzioa eskaini, Inudeak eta artzainak eta Kaldereroak. Baina hemendik aurrera ere agenda betea dute. Apirilean, esaterako, bazkari bat egin nahi dute auzoko elkarte eta eragileekin, eta baita auzotik kanpora dauden beste elkarte batzuekin ere. Bestalde, datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dituzte: tartean, erromeriak, ikuskizunak eta gazteentzako festa bat.