Jendetza bildu da hiriaren erdialdeko kaleetan, 'Metroaren pasanteari ez' lelopean.

Metroaren aurkako mugimendua, Askatasunaren Hiribidean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Metroaren beharrik ez dagoela uste dute donostiar askok, eta halaxe azaleratu dute, eguerdian egindako manifestazioan. Hiriaren erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte hainbat lagunek, aterkiak eskuetan hartuta, euriari aurre eginez; horrela, Satorralaia bizilagunen mugimenduarekin bat egin dute,
Metroaren pasanteari ez! lelopean.
Manifestazioak iraun duen bitartean, oihu eta kantu artean ibili dira elkartutakoak: “tturrukuttukuttu Donostia ez zulatu! ttarrakattakatta metroa da kaka!”. Agintariei eskatu diete gastu sozialetarako bideratzea metroaren azpiegitura sortzeko erabili nahi duten dirua, eta hiria zementuz bete nahi izateaz salatu dituzte.
Easo Plazatik abiatu dira manifestariak, eta Bulebarrean bukatu dute ibilbidea. Bildutakoen hitzetan, dBus autobus konpainiak oso ongi funtzionatzen du, baita Euskotren zerbitzuak ere. Hala ere, garraio publikoa hobetzekotan, horiek hobetzeko neurriak eskatu dituzte. Izan ere, metroaren proiektua aurrera aterako balitz, dBus konpainiaren hainbat autobus linea gutxituko dituztela azaldu dute: 5, 24, 27. 13 28, 18, 25, 26 eta 33. Aldi berean, herritarren iritzia jasotzeko, Donostiako Udalari eskatu diote herri galdeketa bat egiteko.