Antiguaotarrak taldeak egindako tailerretako bat. (Argazkia: Antiguaotarrak)
Proiektu berezi bat abiatu du Tabakalerak. Kontsumo ohituren berri eman nahi du, eta, horrela, osatu nahi ditu oraingo eta duela 40 urteko mapak, aldaketen konparaketa egin ahal izateko. Hiru gune aukeratu dituzte:?Antigua, Ulia eta Altza; eta bakoitzean bi orduko hiru tailer egingo dituzte, informazioa jasotzeko.
Antiguaotarrak kontsumo taldea arduratu da Antiguan ikerketa egiteaz. Helburu horrekin, lehen bi tailerrak egin dituzte. Antiguaotarrak 2010ean sortu zuten auzoko lagun gutxi batzuek, egungo kontsumo joerez kezkatuta, alternatibak eskaintzeko. Baserritarren eskutatik bertatik jasotzen dituzte orain barazkiak, baina gainontzeko produktuak?
Lehenengo tailerrean, deialdi irekia egin zuten Antiguaotarrakeko kideentzat. «Erosketak non egiten dituzten galdetu genien. Barazkiez gain, haragia edo arraina non erosten zuten, eta ea bazekiten denda horietara nondik iristen ziren produktuak», azaldu du taldeko arduradun Idurre Zugazagastik.
Bigarren tailerrean, auzoko baserrietan bizi izandako lagunekin elkartu ziren. Era horretan, duela 40 urteko ohituren berri izan zuten. «Hiru lagunekin bildu ginen, eta garai bateko baserrien eta egiten zuten banaketen berri eduki genuen. Ezagutu genituen, esaterako, esne banatzaileak, eta beraiekin harremaneran jartzekotan gaude».