XX. mendearen hasierara itzuliko da Kontxako erlojuen behekaldea;?izan ere, segurtasun kontuengatik obrak hasi ostean, eta La Rotonda diskoteka zena kenduta, Kontxapea leheneratzea erabaki du udalak.

(Argazkia: Kutxateka)
Ezinezkoa da aste hauetan Kontxako pasealekutik igaro eta erlojuen parean ez geratzea. Otsailean hasi zituen udalak inguru horretan lanak, gunea hobetu eta beste itxura bat emateko asmoz, zaharkitua baitzegoen egitura, guztiz. Ikusmin handia sortu dute lanek, hiriko gune deigarrienetako bat delako, eta Pasealeku Berrian edo Parte Zaharrean bezalaxe, donostiar eta bisitari asko ibiltzen dira bertatik oinez edo bizikletaz paseatzen. Jendearen jakin-mina asetzeko, ingurua nola geratuko den azaltzen duten panel handi batzuk jarri ditu udalak, pasealekuan bertan, erlojuen oinetan. Muntaia edo plano bat jarri beharrean, ordea, argazki zahar bat jarri dute, 1918koa, horixe baita laster Kontxapeak izango duen itxura, berriro ere.
Egituraren oinarria egoera txarrean zegoela diote arduradunek, hormigoi faltan eta forjatzea erdoildua; eta ez da harritzekoa, 1911koa baita. Ondorioz, joan den udatik, hondarra garbitzen duten udal ibilgailuek eta larrialdietakoek ezin zituzten alpadak erabili, segurtasun arrazoiengatik, eta Alderdi Ederretik gertuen dagoena erabiltzen zuten. Orain, bota egin dituzte hondartzara jaisteko bi maldak eta La Rotonda diskoteka zena. Horrela, oinarria hobetuko dute, eta obra maiatzeko bigarren hamabostaldian bukatzea aurreikusi dute. Lanak, bada, segurtasun kontuengatik hasi zituzten, eta hainbat herri mugimenduk udalari eskatu zioten garai bateko itxura berreskuratzeko. Udalak, azkenean, eskaerari kasu egin dio.
Obra Construcciones Moyua SLri adjudikatu diote, 231.000 eurogatik. «Orain, aurrekontua prestatzen ari gara, birgaitzea bukatzean, eremua ondo bukatuta uzteko, hondartza garairako», dio Hirigintzako zinegotzi Enrique Ramosek. Bigarren faseak 50.000 euroko kostua izango duela diote, eta ingurua atontzeko, jatorrizko harri berdina jarriko dute.
Kontxapeak, osotasunean, 96 zutabe ditu. Juan Aldaik diseinatu zuen, 1908an eta Kontxa hondartza osoa zeharkatzen du.
Diskoteka zena, taberna?

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ordularien azpialdeak urte hasiera arte zuen itxura, 1960. hamarkada ingurutik zuen. Azpialde horretan, biribil formarekin, hamarkadetan zabalik egon da La Rotonda diskoteka, eta festazale askoren gogoko lekua izan da. Azken urteetan, ordea, gaueko giroak ez zuen nahikoa jende hurbiltzen festa gunera. Horrela, zorrak zituen enpresak udalarekin, eta, horretaz gain, diskoteka zegoen zatian ere bidea irekia egon behar zela zioen Kostako zaintza daraman Espainiako sailak. Azkenean, udalak kontratua bertan behera utzi zuen diskoteka zeraman enpresarekin. Hori bai, itxi aurretik, agur jai bat egin zuten diskotekan, 2015eko azaroan. Ondoren, egoitza guztiz hustu zuten, 2016 hasieran.
Baliteke, diskoteka zegoen lekuan, hondartzako taberna txikiren bat jartzea. Horretarako, Kosta sailak baimena eman beharko du.