Pentsio baxuak ez direla adinekoen arazoa soilik aldarrikatu dute
Agerraldia egin du Gipuzkoako Duintasuna elkarteak Ez diezazutela pentsioa lapurtu lemapean. Ostiralean bildu ziren Bulebarrean. Azaldu dute “kezkatzeko egoera baten aurrean” gaudela: “Kontua da etxe askotan gorriak ikusten ari garela, hilabete amaierara iristeko zailtasun handiak ditugula”.
Duintasuna elkarteak azaldu du biztanleriaren %26a dela pentsionista eta, gehienak, 1.080tik beherako pentsioak jasotzen dituztela. Bestalde, azpimarratu dute emakumeak direla kaltetuenak: “gutxieneko errenta jasotzen duten %27 pentsionistak dira eta horietatik %67 emakumeak”.
“Lanean aritu ginen atsedenik gabe eta duintasunez bizi nahi dugu” azaldu dute. Gogorarazi dute 2016ko irailean 71.724 sinadura aurkeztu zituztela, 1.080 euro gutxieneko pentsioa izateko eskatzeko. Azkenik, azpimarratu dute pentsioen egoera “kaskarra” ez dela adinekoen arazoa soilik.