Ibaia eta urarekin zerikusia duten argazkilaritza tailerrak antolatu dituzte
Maiatza eta ekainean Lurdes R. Basolik eta Jon Cazenavek argazkilari profesionalek eskainiko dituzte.
Oraindik HidroLogikak egitasmoko egitaraua ofizialki ezagutzera eman ez duten arren, zenbait jardueraren izen ematea ireki dute jada. Tartean, Lurdes R. Basoli eta Jon Cazenave argazkilari profesionalek emango dituzten tailerrak. Egitasmoak uraren eta ibaiaren inguruko hausnarketa sustatzea du helburu, eta horiekin zerikusia izango dute argazkilariek eskainiko dituzten tailerrak. Informazio zabalagoa eskuratu edo izena emateko, 943453526 telefono zenbakira deitu daiteke edo cristinaenea@donostia.eus posta elektronikora mezu bat idatzi.
Lurdes R. Basolik iazko HidroLogikak-en parte hartu zuen, Danubiori buruzko hitzaldiarekin. Aurten, berriz, El rio como retrato argazkilaritza tailerra zuzenduko du, eta bertan, Urumea ibaia izango da protagonista nagusia. Tailerra maiatzaren 5etik 7ra izango da, Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean (ostirala 17:00-20:00 / latunbata 10:00-19:00 / igandea 10:00-13:00). Doakoa izango da eta beharrezkoa izango da argazki-kamera eramatea eta argazkigintzari buruzko oinarrizko ezagutzak izatea. Parte hartzeko interesa dutenek gehienez bost argazki bidali beharko dituzte cristinaenea@donostia.eus posta elektronikora, hala egingo baitute aukeraketa.

