Gaueko aterpeko zerbitzuak hobetuko dituzte
Maiatzaren 1etik aurrera, gaua pasatzeko aukera ez ezik, afaria ere eskainiko zaie erabiltzaileei.
Gaueko Aterpearen zerbitzuan hobekuntzak ekarriko dituen kontratuaren aldaketak onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak. Hala, maiatzaren 1etik aurrera, erabiltzaileei afaria eskainiko zaie. Zerbitzua kudetazen duen Rais Euskadi Fundazioarekin batera, udalak aldaketak egin ditu kontratuan, eta, horrela, afarien aurrekontua bere gain hartuko du: katering bidez eskainiko dira, 44.000 euroko aurrekontuarekin.
Era berean, onartu dute Zorroaga Fundazioari Uzturre izeneko eraikina alokatzea Gaueko Aterpea deitutako gaueko harrera zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko. Guztira, bost urteko kontratua egingo dute, eta hilabetean 3.094,05 euro ordainduko dituzte. Gaueko harrera zerbitzua hamaika hilabetez modu iraunkorrean ematen den zerbitzua da, 20:00etatik 9:00etara.