ELA eta LAB sindikatuek deituta, kalejira bat egin dute Erdialdeko kaleetatik zehar.
Kalejira amaitzerakoan, Bulebarrean elkartu dira. (Argazkia: ELA sindikatua)
Aste Santuko oporraldien atarian,
ELA eta LAB sindikatuek kalejira berezi bat egin dute gaur Erdialdeko kaleetatik barrena. Izan ere,
igande eta jai egunetan dendak irekitzearen aurka azaldu dira, eta “jaietan denok jai” izatea aldarrikatu dute.
Dendetan kartel batzuk itsatsi dituzte, ez irekitzeko dituzten arrazoien berri emanez. Hasteko, euren ustez, igande eta jai egunetan irekitzea
langileen aisialdia, deskantsua edo familia kontziliaziorako eskubidearekin bateraezina da. Gainera, azaldu dute ikerketa ezberdinek baieztatu dutela kontsumoa ez dela handitzen egunak aldatzeagatik; beraz,
“ez du ekonomia sustatzen”.
Bestalde,
argi dute irekiera horiek ez dutela enplegua sortzen: “Langile zerrendan daudenek betetzen dituzte ordu horiek eta orduak pilatzen dituzte, egoerarik onenean lan egunetako deskantsuarekin konpentsatuko zaiena. Gainera, kontsumitzaileok ez dugu behar, eta ez dugu eskatzen ere jai egunetan irekitzea. Euskal kontsumitzaile elkarte ezberdinek egindako inkesten arabera,
erosleek %94ak uste du ez dela beharrezkoa ordu komertzialak handitzea“.
Amaitzeko, salatu dute
salbuespeneko irekiera hauek igande eta jai egunetako irekiera normalizatzeko “estrategia argia” direla.