Kirol jardueretako kanpainetako partaidetzak bere marka gainditu du
Guztira, 35.577 pertsonak parte hartu zuten Donostia Kirolak eskaini zituen kirol ikastaroetan, 2015ean baino %3 gehiago.
2016. urteko memoria aurkeztu dute gaur Kirol zinegotzi Martin Ibabek eta Donostia Kirola-ko zuzendari Leire Landak. Besteak beste, nabarmendu dute kirol praktika etengabe igotzen ari dela, Donostiako kirolarien emaitzak “ezin hobeak” direla eta kirol zerbitzuen kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta iraunkorraren alde egiten dutela. Gainera, azpimarratu dute erabiltzaileek egindako balorazioetan 8ko nota lortu dutela, “inoizko altuenak”.
Kirol Txartelari dagokionez, harpidedunen kopurua 48.000tik gora mantendu da, eta Donostia Kirola-k antolatutako kirol jardueretako kanpainetan partaidetzak bere marka gainditu du 2016an. Guztira, 35.577 lagunek hartu dute parte ikastaroetan, 2015ean baino %3 gehiago. UDA kanpainak ere 15.000 partaideen muga gainditu du aurten lehen aldiz, 15.654 partaideekin. Instalazioek ere arrakasta izan dute erabiltzaileen artean. Egunero, 8.500 herritarrek baino gehiagok erabili dituzte kirol instalazioak; zehazki, Paco Yoldi kiroldegia izan da erabiltzaile kopuru handiena bildu duen instalazioa.


