Parte Zaharra, Erdigunea, Gros eta Egia dira kontzentrazio handiena duten auzoak.
Ostatuak, Parte Zaharrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iazko udan, Donostiako Udalak plan bat jarri zuen abian, hirian
etxebizitza turistikoek zuten presentzia geroz eta handiagoa zelako. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, Donostiako Sustapenak ikerketa bat egin zuen, eta, horren ondorioz, erabaki zuten
batzorde tekniko bat osatzea, azterketa xeheago bat egiteko. Hala, ikusi dute Donostian
1.500 etxebizitza turistiko inguru daudela, eta banaketa ez dela uniformea, baizik eta leku zehatz batzuetan ematen dela nabarmenago:
Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen etan Egiako Frantzia pasealekuan.
“Horrelako erabilera duten etxebizitzak jarduera ekonomikoak dira, eta horrek eskatzen du hainbat baldintza betetzea, eta, kasu askotan, ez da betetzen: besteak beste,
lehenengo pisuan kokatuak egon behar dute, eta ezin dira izan 250 metro koadro baino handiagoak“, adierazi du Donostiako alkateak.
Plan Orokorra aldatuko dute
Gaiari nolabait heldu behar ziotela ikusi zuten, eta
erregulazio zehatzago bat onartu behar zutela: “Arazoa da 2010ean onartutako Plan Orokorrean ez zela espresuki ikusten horrelakorik, fenomenoa ez zelako hain nabarmena. Baina, egun, asko hasi da, eta beharra ikusi genuen hori erregulatzeko. Bi helbururekin: horrelako egoerek etxebizitzen prezio jada altuetan eraginik ez izatea, eta hiritar zein bisitarientzako egoera deserosorik ez sorraraztea”.
Bada,
bi bide jarraituko dituzte. Alde batetik, Parte Zaharrean,
Plan Orokorraren aldaketa bat idazten hasi dira. Bertan, ezarriko dituzte mugak, “bai etxebizitza turistikoentzako, baita turismoari lotuta dauden jarduera ekonomikoentzako ere. Adibidez, hotelak, pentsioak edo antzekoak. Aurreikuspen batzuk egingo ditugu horiek mugatzeko”. Bestetik, hiriaren gainontzeko auzoetan, etxebizitza turistikoak erregulatzeko
ordenantza zehat bat egingo dute, eta bi eremu bereiziko dituzte: kontzentrazio handia duena (Erdigunea, Gros eta Egia) eta kontzentrazio txikiagoa duena: “Mugak ezarriko ditugu, baina desberdinak izango dira leku batean zein bestean”. Idazketa fasean daude, eta
uda baino lehen abian jartzeko asmoa dute.